Urnieta 59 lanean bikote baten istorioa kontatzen da: 1959an soldaduska egitera Urnietara datorren Valladolid-eko gaztea urnietar batekin maitemintzen da, eta horrek eragiten dituen arazo, oztopo eta bestelako egoerak kontatzen ditu: bi toki oso ezberdinetako pertsonen hartu-emana, bi hizkuntza, frankismoaren azken urteak,...
Nolatan lasartear bat Urnietan antzerkia egiten?
Egia esan, joan eta 45 aktoreak, denak urnietarrak ziren. Bata okina, bestea tabernaria,... denak ezagutzen ziren.
Talde amateurra da beraz, baina nahiko serio ari dira, asko dira taldean...
Gazteena ni naiz, 19 urte ditut eta hori gustatu zait. Badira 65-70 urtekoak oraindik hor dihardutenak eta oso jatorrak direnak.
Nolatan deitu zizuten?
Lasarte-Oriako taldera deitu zioten Kontxu Iartzari, 20 urte inguruko aktore bat behar zutela esanaz, “unibertsitarioa” esan zuten, Kontxuk deitu, paper txiki bat zela eta ea prest nengoen galdetu zidan, eta nik, antzerkia niretzat dena denez, baietz esan nion. Zuzendariarekin hitz egitera joan, dena azaldu zidan eta handik ordu betera entsaiatzen hasi ginen Kultur Etxean.
Baina ez da paper txiki bat...
Ez, hori esan zidan Kontxuk, baina bost protagonista dira, ni, nire neska, ama eta aiton-amonak.
Nolako taldea da Urnietakoa?
Handia. Ni beti talde txikietan ibili naiz gehienez 13 pertsona izan gara eta arazoak izan ditugu pertsonaiak banatzeko eta gure artean moldatzeko. Honetan berrogei bat aktore izango gara. Talde osoa 75 gara, 40 aktore, 15 neska gaztetxo dantzari eta antzerkiko musika zuzenean jotzen duen beste hamar laguneko orkestra.
Asteburuan eskaintzen duzue Urnietan...
Bai ostiralean senide eta lagunentzat egingo da aurre-estreinaldia Urnietako Sarobe aretoan, larunbatean bi aldiz eskainiko dugu 5etan eta 8etan eta igandean 5etan. Sarrerak segituan agortu ziren. Hurrengo asteburuan Andoaingo Basteron izango gara.
Zer moduz doa prestaketa? Seguru al zaudete?
Ni bai. Inprobisatu behar badut inprobisatuko dut. Ez daukat horretarako arazorik. Zuzendariak esaten du lan asko dagoela oraindik egiteko eta aste honetan entregu asko jarri ditu. 15 eszena dira, 40 aktore gara eta batzuek oraindik larri-larri dabiltza.
Kukuka Landaberriko taldea ez duzu utzi, ezta?
Ez. 8 urterekin hasi nintzen eta hor jarraitzen dut.
Irakasle ari zara, ezta?
Iaz hasi nintzen. Kontxuri nahi nuela komentatu nion, 6-7 urtekoekin aritu nintzen eta aurten talde berdinarekin jarraitzen dut.
Bestela gazteak ari al zarete zerbait prestatzen?
Utzi xamar daukagu. Batzuek unibertsitatean hasi dira, besteak kanpora joan dira, talde txikia geratu ginen, pare bat berri hasi ziren hiru bat urte gazteagoak, beldurturik, sei urtean irakasle batekin egon eta gero aldatu egin dugu, Ainhoa zarauztarra oso ona eta jatorra da, inprobisazioak lantzen hasi ginen... baina Urnietakoarekin topera hasi nintzenetik ia ez naiz joan. Kanpora noa eta uztea pentsatu dut.
Antzerkigintza eta aktore lana zuretzat jada zaletasuna baina pixka bat gehiago da ezta?
Bai, zaletasuna baino nire bizitza da. Arte dramatikoa ikastera joango naiz eta hori ondo ateratzen bada nire helburuetako bat beteko dut.
Oraingoz produkzioa ikasten ari zara...
Bai, Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan. Egia esan, Batxilergoa amaitu, selektibitatea gainditu eta Madrilera joan nahi nuen 17 urterekin arte dramatikoa ikastera, baina gurasoek konbentzitu ninduten pare bat urte geratzeko, bizitza nolakoa den ikusi, dirua aurreztu eta herriko kameralari batzuek esan zidaten Andoinera joateko mundu hori nolakoa den ezagutzeko, nondik jo eta zer egin ikusteko. Horregatik hasi nintzen. Kamera atzekoa, baina asko ikasi dut.
Gainera kanpora zoaz praktikak egitera?
Bai, ez daukagu Bartzelona edo Madrilera joateko aukerarik, hemen izan behar zuen eta Donostiako produkzio-etxe batean egin behar nituen, baina Erasmuseko ingeleseko azterketa egin, eta aukera sortu da. Italiara noa, Rimini hirira, apirilaren hasieratik San Pedroak arte.
Eta gero Madrilera arte dramatikoa ikastera...
Bai, aste batzuek lagunekin pasa eta Madrilera. Unibertsitatean sartzeko probak daude, teoriko eta praktikoak, eta hango irakasle batekin hilabetean hori prestatzeko asmoa dut.
Eta argi daukat unibertsitatean sartzeko aukerarik ez badut eskola pribatu batean hasiko naizela. Ez da berdina, baina,... argi daukat bietako bat egingo dudala.
Esperientzia apur bat badaukazu eta sartzeko esperantza izango duzu?
Bai
Pelikuletan atera izan zara?
Pelikuletan gutxi atera izan naiz, pare bat egunetan izan naiz errodajetan, baina askoz gehiago ikasi dut Kataluniako produktore batekin egindako bi lanetan: “Itziarren Semeak” filmaren trailerrean, protagonistetako bat izan nintzen, semeetako bat, eta Osakidetzarako egindako sexualitateari buruzko publizitate-bideo batean. Hor ere protagonistetako bat nintzen, institutuetan ikusiko da hurrengo urtean.
Zorion Perfektua filmean eta telebistan ere ikusi zaitugu...
Zorion Perfektuaren errodajean hiruzpalau egunetan izan nintzen duela pare bat urte, polita izan zen, baina pelikulan ez zait asko ikusten. Martin Telesailekoa handia izan zen, nire lehenengo casting-a egin nuen Goenkale eta Martin telesailetarako eta Martin-erako hartu ninduten. Duela hiru urte, udaran, hilabete eta piku izan ziren, astean bizpahiru egunetan egun osoa errodatzen.
Madrilera bazoaz, hemen egin dituzun hainbeste gauza utzi beharko dituzu, Kukuka, Santa Ana parodia, Multimusikaleko aurkezpena...
Pena bat da egia esan. Nik agian bakarrizketa bat egiteko ez dut balio, baina paper bat ematen badidazu, berdin da zertan, nik ikasiko dut eta emango diot nire ikuspuntua. 500 pertsonen aurrean atera behar badut ere. Nahiago dut 500 pertsonen aurrean barregarri geratu, bost pertsonen aurrean baino.Beti esan dut hori. Atera eta 500 pertsona zuri begira ikusten badituzu eta esaldi batekin barrezka eta txaloka hasten badira, zureak dira. Beldurrik ez da izan behar.
Zinema edo antzerkia, zer duzu nahiago?
Oso desberdinak dira. Antzerkian beti nire ukitua ematen diot. Grease egin genuenean bost emanaldietan bakoitzean bere ukitu ezberdina. Antzerkian soltura gehiago daukazu. Zure tokea emateko aukera gehiago. Telebista edo zineman zuzendariak agintzen du eta kameraren aurrean zaude, eta kamerak ematen du ezetz baina errespetua eskatzen du.
Zein duzu gustuko?
Antzerkia asko. Nire bizitza osoan egin dut baina azkenaldian kamera baten aurrean hobeto pasatzen dut. Kamerarekin maitemintzen hasi naiz.
Beraz biak...
Bai, baina oso desberdinak dira.
Antzerkian izan zara protagonista, orain zineman lortu behar paper inportanteren bat...
Kataluniako Zinema Eskolako produktorearekin “Itziarren Semeak” lau minutuko trailerra egin genuen, ez pelikula, istorio osoa kontatzen da, baina jakin-min hori uzten du... Hori beste produkzio etxeren batek erosi, dirua jarri eta pelikula egingo balitz, protagonistetako bat izango nintzateke eta izugarria izango zen. Lan hau kobratu gabe egin nuen, baina oso gustura