...ekonomiaz hitz egingo dut, beraz. Logiko, ezta? Ez litzateke arraro gertatu behar behintzat, dena elkar lotuta baitago mundu honetan.
Kontua da laster beteko direla 25 urte gure herria sortu zenetik. Eta sentimentala jarri naiz. Ez urteurrenagatik. Ez, ez. Urteurrenagatik ez, baina oroimenari ateak ireki eta txikitako kontuak hasi zaizkit kilika: Mamo Wolde, Don Eduardo maisu zorrotza, uda aldean ura etxeratzeko iturriko ilaran emandako orduak, Zumaburu orube hutsa zela, orain jubilatuen etxea dagoen alde horretan altxatzen zen hormatzarra... horrela tiraka, Michelingo ehun eguneko greba historiko hartara, gazte nintzela ordurako, iritsi naiz. Ekonomiara iritsi, alegia.
Ez da idealizatu behar, dena ez zen gorri kolorekoa izango, baina langile jendeak ehun egun gerrikoa estutu eta soldatarik gabe bizitzeari ekin zion, herriko eta inguruko herrietako jendearen elkartasuna besterik ez edukita. Modu intuitiboan agian, baina bi hitzetan: klase kontzientzia. Kontzientzia kolektiboa, behintzat. Geroztik, ideologia burgesa inozo-inozo barneratu eta herritarrak izatetik bezero izatera pasatu gara. Orain, hedabide burgesek pentsioen sistema publikoa bideraezina dela esaten digute, besteak beste. Ez da egia. Gezur interesatuetan ari dira. 27an egun bateko grebarako deialdia dago. Behar da. Ez da nahikoa, ordea. Bezero izatetik herritarra itzultzerako bidean ehun egunekoak beharko dira. Eta luzeagoak.