Erraustegiaren aurkako alegazioak

jon-altuna 2011ko urtarrilaren 20a

Errausketaren aurkako Gipuzkoako plataformen koordinakundeak, asteartean aurkeztu zituen Zubietako Erraustegiaren aurkako alegazioak Jaurlaritzako Ingurumen Sailean. Hainbat arrazoi erabiltzen ditu plataformak Donostialdeko PTP (Lurralde Plan Partziala) plangintzaren baitan Zubietako Erraustegiaren egitasmoaren aurka egiteko, besteak beste arrazoi juridiko-politikoak eta ekonomikoak batetik eta osasun-ingurumenari dagozkionak bestetik.

Artzabaletan, Zubieta gainean eraikiko den "Gipuzkoako Hondakin Kudeaketa Zentroa" izena hartu duen proiektuaren aurkako alegazioak sei parte ditu. Lehenengoa, afera politiko-instituzionalari, arlo juridikoari, arau-oinarri gabeziari eta legea hausteei dagozkio. Hemen batetik zera argudiatzen dute, 7/2008 arau forala dela Aldundiko hondakinen "planifikazio" guztiaren oinarria, baina Udalei dagozkien eskuduntza batzuentzat, eta hau erabaki judizial batzuek zalantzan jarri dutela azkenaldi honetan. Bestalde, 24/2009 dekretu foralaren bidez onartu zela Gipuzkoako hondakinen azpiegituren "PTS"a, eta dekretu forala baino arau forala behar dela argudiatu dute.
Gainera, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz eta Arriskutsuen Araudia argudiatzen dute, hain juxtu herrietatik bi kilometroko gutxiengo distantziari dagokion atala; zarata maila baimendua baino altuagoa izango dela; kirats arazoak eta Europako Inbertsioen Bankuarekin finantzaketarako adostutako baldintzak ere bai, zama handia izango delako hondakinen kudeaketan aldaketaren bat egin nahi bada.

Arrazoi ekonomikoak

Ekonomia arrazoiak ere aurkeztu dituzte Jaurlaritzan. Batetik 264.010.000 euroko aurrekontua ez dela zuzena argudiatzen dute. 500 milioi euroko aurrekontua gaindituko dela uste dute plataformek, aipatutako aurrekontuari benetan izango diren beste gastu batzuek gehituz gero. 264 milioiko Gauzatze Aurrekontuan ez dira zenbait arlo kontutan izan, esaterako gastu orokorrak (%13), irabazi industriala (%6), BEZa (%16) Kalitate, Segurtasun eta Osasun Kontrola ezta beste laguntza tekniko batzuek ere.
Erraustegia jarriko den zorua prestatzeko lanak ere ez dira kontutan izan, hau da, lur mugimenduak, gutxi gorabehera 300 metroko luzera duen bi norabideko sarbidea (azken 100 metrotan tunela), sarbide honen azpiegiturak, (euri ur eta ur zikinen sareak; loturak; edateko ur, argi indar, gas, argi,... sistemak) eta hauei dagozkien Kalitate Kontrol, asistentzia tekniko eta beste betebeharrik ere ez. Beraz guztia batuta aurrekontua 500 milioi eurotik gorakoa izango dela salatzen dute.
Beraz, plataformek salatzen dute errausketan oinarritutako kudeaketa hau osasun eta ingurumen aldetik desegokia izateaz gain, gaikako bilketa eta birziklapen (konposta) intentsibo sistema alternatiboetan oinarritutakoa baino askoz ere garestiagoa dela.

Neurriz kanpokoa

Ingurumen argudioei dagokionez, alegazioetan erraustegiaren dimentsioa handia aipatzen da: urtean 320.000 tona tratatzeko gaitasuna baldin badu, horrek hondakinak maila horretan (kopuru handia) erreko direla esan nahi du eta ondorioz, hondakinen birziklapenaren hazkundea etengo dela, hondakin organikoen gaikako bilketa martxan jartzea galaraziko dela eta besteak beste berotegi efektua (eta klima aldaketa) eragiten duten gas isurketak ugaritu egingo direla kontrolik gabe.
Plataformen ustez, jokabide hau ez da bidezko, ez beharraren ez egokitasunaren aldetik. Ez da egokia eta ez da bere beharrik. Gainera, hainbat plangintza ofizial eta Europako arau hausten ditu.
Osasunari dagokionez, Greenpeace erakundearen Ikerketa Laborategietako eta Britania Handiko Exeter Unibertsitateko Michelle Allsopp, Pat Costner eta Paul Johnston-en Errausketa eta Osasuna Txostena aurkeztu dute Jaurlaritzan eta Greenpeacek ikerketa honi buruz atera duen argitalpena ere bai.

Atzerapen eskaera

Gainera, Usurbilgo Akordioaren sinatzaileek eskatutako erraustegia eraikitzeko proiektuaren sei urtetako atzerapen edo moratoria eskaera ere aurkeztu dute.
2010eko martxoaren 12an egin zuten eskaera, besteak beste, Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko Udalek, Aralar, EB, Ezker Abertzalea, Alternatiba eta Berdeak alderdi politikoek, ELA, CC.OO, LAB, EILAS, ESK, ENHE eta Hiru sindikatuek, Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek, Erraustegien Kontrako Plataformen Koordinakundea eta Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak.
Energi-eraginkortasun aldetik plataformak salatu du proiektua "etorkizuneko aurreikuspenetan" oinarritzen dela baina zehaztasunik gabe, eta erabiliko den eredua manipulatzen duela, argi indar eta gas natural kontsumoa ahaztuz.