Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Euskara Batzordeko lehendakari den Iñaki Mugika, Mari Jose Eizmendi Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria, ikastetxeetako zuzendariak, Sasoeta-Zumaburu ikastetxetik Marga Iturriza, Landaberri ikastolaren izenean Josu Garmendia, Mari Jose Murua Landaberri DBHtik eta Ester Urrutia Lasarte-Usurbil institutuaren izenean, eta Xabier Ejea Udaleko idazkaria izan ziren hitzarmen sinaketa ekitaldian.
Hauen bitartez elkarteak eta ikastetxeek hainbat programa eta egitasmo eramango dituzte aurrera.
Ttakun Kultur Elkartea
Ttakun Kultur Elkarteak bederatzi programa martxan mantentzeko 168.111,48 eurotako diru-laguntza, iaz baino 20.000 euro gutxiago, jasoko du hitzarmenaren bitartez.
Programa hauen barruan, multzo nagusia haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak biltzen ditu, hala nola, udako txokoak, Amaraun ludoteka edo Kuadrillategi programa.
Bestetik, Euskara Batzordeak Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz.
Eta azkenik, Solaskide-Solasbide programa dago. Honen bitartez, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonek euskara ikasten ari direnekin edo hitz egiteko harreman-sareak nahi dituztenekin harremanetan jartzen ditu.
Programa horien guztien antolaketa, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, langileen kudeaketaz, ebaluatzeaz eta diru kontuak kudeatzeaz Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da.
Ikastetxeak
Bestalde, Udalak herriko lau ikastetxeen zuzendariekin onetsitako laguntzak sinatu zituen. Lau ikastetxeek jasoko duten diru-laguntza desberdina bada ere, guztira 44.457,19 euro banatuko dira.
Alkateak Udaleko Euskara Batzordeak eta ikastetxeek, Udala osatu zenetik, gure herriko haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta euskaraz hitz egiteko ahalik eta erraztasun eta ohitura gehien lor zezaten elkarren eskutik lan egiten dutela adierazi zuen.
Harreman horrek emandako lan-giro zintzoaren bidez gauzatu ahal da, adibidez, aurten egin den aldaketetako bat. Izan ere, Lehen Hezkuntzako ikastetxeek diru-laguntza gutxiago jasoko dute, baliabide batzuk Bigarren Hezkuntzako behar berrietara pasa direlako.
Horren ondorioz, eta beti Udalaren, Ttakun eta ikastetxeen arteko elkarlana elikatuz, Gazteen komunikazio-trebetasunak garatzen izena duen egitasmoa prestatu ahal izango da.
Ikastetxetan egiten diren diruz lagundutako programen artean, ikastetxeetako aldizkariak, pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa edo Ahozkotasuna eta bertsolaritza programa daude.
Alkateak erakunde hauek egiten duten lanarekin eta aurten egoera ekonomiko zailera moldatzeko egin duten ahaleginarekin ere pozik dagoela adierazi zuen. Izan ere, Udalak diru-laguntza hauekin ahalegin handia egiten duela jakin arazi zuen.