Martxoan ospatuko diren Inauteriak prestatzeko deialdia

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 21a

Azken bi urtetan antolatutako desfile erraldoiaren arrakasta ikusirik, dagoeneko herriko hainbat elkarte hasi dira lanean aurtengo inauteriak prestatzeko.
Aurten inauteriak nahiko berandu datoz, martxoaren 5 eta 6ko asteburuan ospatuko dira Lasarte-Orian, eta aurtengo gaia zehaztuta ez badago zehaztuta, larunbatean egun osoko festa antolatzearen alde egin dute bildutako elkarte eta taldeek.
Urtetik urtera herriko balkoi eta leiho gehiago agertzen dira globo eta oihalekin apaindurik inauterietan; tabernak ere, gero eta gehiago dira dekoratzen dituztenak... Herria giroturik ikusteak, herriarrei animuak ematen dizkiete mozorrotzeko eta inauteriez gozatzeko.

Deialdi eta gonbite irekia

Aurten ere, lanean antolakuntzan dabiltzan elkarte eta taldeek, deialdi eta gonbite zabala egin nahi diete herriko elkarte eta norbanako guztiei festan parte hartu dezaten. Festa parte-hartzailea antolatu nahi dute eta "horretarako zenbat eta jende, elkarte eta talde gehiago bildu, hobeto" adierazi dute antolatzaileek aho batez.

Bilera

Lan-taldeak bilera bat antolatu du, parte-hartu nahi duten guztiekin batera egun osoko jaia antolatzen joateko eta gaia aukeratzeko.
Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute “ez dago esan beharrik bilerara eramaten diren proposamen guztiak ongi etorriak izango direla eta denon artean adostu eta hartuko direla erabakiak”.
Esandako bilera hori, datorren asteartean izango da, hilaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan Ttakunen (Geltoki kalea 4). Oraindik hilabete falta bada ere, lehenbailehen hasi nahi dute.