Udalbiltzaren absoluzioaren inguruan Bai Euskal Herriari ekimenaren balorazioa

Txintxarri 2011ko urtarrilaren 24a

Bai Euskal Herriari herri ekimenak, pozez gainezka hartu du Espainiarren Auzitegi Nazionalak Udalbiltza auziaren karietara gaur plazaratu duen ebazpena.
2003. urtearen hasieran UDALBILTZAko kide eta langileak atxilotu eta nazio instituzioaren egoitza eta jabetzak bahitu zituztenetik ia zortzi urte bete diren honetan ezin dugu gure poza ezkutatu. Azken urteetan Espainiarren Auzitegi Nazionalak plazaratu dituen ebazpenak justiziarengandik urrun kokatu izan direla ikusita, begiak ireki arazi dizkigute eta Udalbiltza auzia amaitu bada ere ezin dugu ahaztu gaur egun oraindik proiektu guztiak gauzagarri ez diren eskenatoki batean aurkitzen dela gure herria.
Gure besarkada eta berotasuna helarazi nahi diegu Udalbiltza auzian auziperatuta izan diren herri ordezkari eta Udalbiltzako langile guztiei.
Euskal Herriko Udal eta udal hautetsien biltzarraren zilegitasuna zalantzan jarri nahi izan dute. Epaiketa honen ondorioz, Euskal Herrian eta euskal herritarrontzat zilegia izateaz gain UDALBILTZA BEHARREZKOA DELA FROGATU DA.
Hau honela izanik dei egiten diegu Euskal Herriko alderdi politiko guztiei, nazio gisa antolatu eta egituratuko gaituen tresna ber-hartzera. Euskal herritarrok behar dugulako, Euskal Herriak ezinbesteko duelako.

Lasarte-Oriako Bai Euskal Herriari