“Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan egoera larria da”

Nerea Eizagirre 2011ko urtarrilaren 24a

Saharar herriaren egoera ez da erraza. Eremu okupatuetan liskarrak daude eta Tindufeko kanpamenduetan bizi diren sahararrek ez dute bizimodu erraza. Lasarte-Orian Saharar Herriaren Lagunak elkarteak elikagai bilketa martxan jarri du kanpamenduetara bidaltzeko. Ikastetxe eta supermerkatuetan ostiralera arte egingo da bilketa eta larunbatean, urtarrilaren 29an, Urbilen egongo dira.

Saharar herria banatua dago. Batzuk eremu okupatuetan bizi dira, besteak Tinduf eremuko kanpamenduetan eta azkenik, beste herrialdeetara iristea lortzen duten sahararrak daude. Hauari Hanani duela bi urte iritsi zen Lasarte-Oriara. Saharar kanpamenduetako herritar honek elikagai karabanako banaketan lan egiten zuen eta kanpamenduetako ikuspuntua bizi izan du. Aurten bilketako nondik norakoak ezagutu ditu. Hauari Hananirekin eta Txema Benito Saharar herriaren lagunak elkarteko kidearekin egon gara solasean kanpamenduei eta karabanari buruz.

Saharar errefuxiatuen kanpamenduak Arjeriako azken herria den Tindufen inguruan daude. Hauetan, Sahara Mendebaldetik atera ziren pertsonak eta haien familiak bizi dira, guztia, 200.000 bat pertsona.
“Lau wilaya edo probintzia daude eta bakoitzean dairak, herrixkak daude. Ez dira berdinak, esate baterako, Auserd eta Aaiun-en sei daira daude, Smara eta Dajlan zazpi. Eta bestetik, Otsailaren 27ko herria dago Bertan, emakumeentzako ikastaroak dauden eskola bat dago,” zehazten du Hauarik sahararrak.
Kanpamendu bakoitzean zerbitzuak daudela ere azpimarratu du, “ura eramateko, hezkuntza, minusbaliatuen babeserako bulegoa, polizia... Zerbitzu minimoak egon daitezen ziurtatzen saiatzen da gobernua”.
“Esate baterako, zisterna-kamioi batek banatzen du ura eta familia bakoitzari ur-biltegia betetzen zaio” aipatu du Txema Benito herritarrak.
Honetaz gain, ”herrixka bakoitzak lau auzo ditu eta hauetan haur-eskola, administrazio bulegoa edo Udala eta eskola aurkitu daitezke,” azaldu du saharar lagunak.

Oinarrizkoa falta

Kanpamenduetako administrazio gauzak alde batera utzita, “egoera ez da ona. Duela bi urte eta erditik hona, Europar Batasunetik doazen laguntzak egoera ekonomikoagatik murriztu dira eta horregatik egoera larria da,” adierazi du Hauarik.
“Elkartasun taldeak daude herrialde desberdinetan, baina haiek bidaltzen duten laguntza ez da nahikoa kanpamendu guztientzako,” jarraitu du.
Oinarrizko elikagaiak, olioa, irina eta azukrea bertan aurkitzea oso zaila dela adierazi eta botikak ere falta direla azpimarratu du, “2006tik ez dago botikarik. Jendeak dirurik ez duenez, ezin du Tinduferako bidaia egin eta botika naturalak hartzen ditu. Baina gaixotasun batzuk sendatzeko, hori ez da nahikoa”.

Karabanak eta banaketa

Egoera horrela izanik, Saharar kanpamenduetan bi moduetan laguntzen dela jakin arazi digu Hananik, batetik elikagai karabanak eta bestetik, proiektuak.
“Europako laguntza fondotik dator laguntza eta herrialdeetako fondoetatik. Baina 2005ean, laguntza hori asko murriztu zen eta azken urteetan are gehiago. Laguntza horiek nahikoak ez direnez karabanak bidaltzen dira,“ azaldu digu Txemak.
“Estatu Espainiarrean ia probintzia guztietan egiten da elikagai bilketa. Kopuruz handiena Andaluziako da eta Kantabrian ere asko biltzen da. Italian ere egin zen behin, baina ez dakit jarraitzen duten,” gaineratu du Hauari Hananik.
“Guztiak batuz, zerbait laguntzen dugu behintzat. Euskadin 450 tona jaso ziren iaz, baina kanpamenduetan 200.000 bat pertsona dira. Beraz, ongi banatuz gero ere, apur bat besterik ez zaie iristen, 2 kilo pertsonako edo. Baina guztiak kontuan izanik, beharra asetzen dute,” adierazi du Saharar herriaren laguneko kideak.
Hauiarik gainera, elikagaien banaketaren berri eman digu, “karabanaren arduradun eta Ilargi Gorriaren arteko elkarlanari esker eramaten da aurrera. elkarte honek wilaya eta daira bakoitzean ordezkaritza bat baitu”.
“Banaketa garbia izaten da eta gobernuak ongi egin dela kontrolatu ahal izateko estruktura bat jarraitzen da. Lehenik, lautan banatzen da lau probintziak eta Otsailak 27a. Gero herrixken arabera eta gero lautan auzoetara. Bertan arduradun batzuk daude, emakumeak direnak eta hauek dute auzoan bizi direnen zerrenda eta iristen denaren arabera banaketa egiten dute,” azaldu du sahararrak.
“Batzuetan familiako kideen arabera egiten da banaketa, besteetan kutxa batean dagokien oinarrizko elikagaiak ematen zaizkie familiei. Baina beti iritsitako elikagaien proportzio bat,” gehitu du.

Proiektuak

Horretaz gain, proiektuak daude. “Elkarteen proiektuak edo hemengo herrien eta hango dairen arteko senidetzeen ondorioz egiten diren proiektuak dira. Esate baterako, Andoaingo Udalak Amgalako herrian eskola bat egin du, eta Getxoko Udalak martxoaren 8ko eskola finantzatu du,” aipatu digu Txemak.
“Haur-eskolak, ordenagailuak, minusbaliatuen laguntzerako proiektuak... Euskal Herriko herrien proiektuak dira gehienak eta senidetzeen ondorioa,” gaineratzen du Hauarik.

Bidalketa atzeratu

Gauzak honela, urtero bezala, Saharar Herriaren Lagunak elkarteak martxan jarri du VII. Sahararen aldeko Euskal karabana eta bilketa egiten ari da herrian.
Hala ere, aurten karabana atzeratu egingo dela azaldu digu Txemak, “ohikoa da karabana
otsailean bidaltzea baina aurten eremu okupatuan dauden arazoak medio, frente polisarioak jakin arazi digu atzeratu egingo dela, maiatzera edo. Baina epe hori ez da ziurra”.
Horregatik, Lasarte-Oriako taldeak eta eremuko beste batzuk elikagai bilketa egun hauetan egiten ari dira, “beste batzuk aurrerago egingo dute eta ahal dugunean guztia batuko dugu. Ea iazko kopurua biltzen dugun,” adierazi digu herriko taldeko kideak.
Eta Hauarik “gaur bilketa bat egin dugu eta jende solidario asko dagoela ikusi dut. Ea 29rako zenbat biltzen dugun. Orduan ikusiko dugu. Hala ere, jende solidario asko dago. Saharar herritarrengan pentsatzen duten pertsona asko dago eta horregatik oso eskertua nago,” aipatu digu.
Gauzak honela, Txemak “ostiralera arte eskoletan eta supermerkatuan egingo dugu bilketa eta larunbatean, Urbilen egongo gara. Bertan elikagai bilketa egiteaz gain, informazioa emango dugu. Beti ere, jendea interesatua badago,” gogoratu du.