Honen bitartez, Gipuzkoan aitzindari izango den txakur-heziketa programa jarriko da martxan hurrengo astean, urtarrilaren 26an.
Helburua, “txakurrak arduratsuki edukitzeari buruz herritarrei informazio espezializatua eskaini eta, hartara, bizikidetzan aurrera egin, osasun-arazoak saihestu eta txakur-abandonatzeen kopurua murriztu ahal izatea”, hitzarmenaren testuan ageri denez.
Hitzaldiak eta praktikak
Txakur-heziketako programa aitzindari hau ia hilabetero Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko diren sei hitzaldik osatuko dute.
Hitzaldi monografiko horietan, hainbat gai interesgarri jorratuko dira.
Lehenengo hitzaldia, arestian aipatu bezala, urtarrilaren 26an, asteazkenean izango da Manuel Lekuona kultur etxean 19:00etatik aurrera. Honetan, txakurren edukitze arduratsuari buruz hitz egingo da.
Eta programa teoriko hori bi lantegi praktikorekin osatuko da: txakurren mundu emozionala eta jokabidearen aldaketa. “Ekintza praktiko horiek Atsobakarreko zelaian egingo dira," azaldu zuen Jesus Maria Zaballos alkateak.
Ekimen hau “eskubide eta betebeharren gizarte baten barruan, animaliak maitatzen eta errespetatzen dituztenek udaleko administrazioarekin, egiten duten elkarlana erreferente izatea espero dugu”, adierazi zuen alkateak.
Oinarri zientifikoa
Iazko uztailean, Sanitateko Departamentuak ikastaro teoriko-praktiko bat antolatu zuen hainbat aditu etologorekin. Haietako batzuk programa hau inolako irabazi-asmorik gabe emango duen ANFA elkarteko kideak dira.
Txakur-heziketako programa hau “elkarte moduan bilatzen genuen aukera da guretzat. Jendea txakur-kultura onaren arloan formatzeko eta informatzeko”, azaldu zuen Manuel Villarrek, elkarteko presidenteak.
Horregatik, Lasarte-Oriako Udalari eskerrak eman zizkion, proiektu hau martxan jartzeko izan duen prestutasun eta ilusio handiagatik.
Etologo esperientziadun honen iritziz, “aurrerapauso handi bat da, oso beharrezkoa dena eta agenteen eta administrazioaren arteko koordinazioa eskatzen duena”.
Villarrek halaber azpimarratu nahi izan zuen heziketa-programa honen edukia “ez dela guk asmatutako zerbait”, eta nabarmendu zuen eskainiko den formazio guztiak etologia daukala oinarritzat, “animalien portaera biologiaren eta psikologiaren ikuspuntutik ikertzen duen zientzia”.