Lagun arteko bertso desafioa izan zen

marikarmen-ormazabal 2011ko urtarrilaren 24a

Maiatzean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara aurkeztuko dira herriko hainbat bersolari eta herriko bertso eskolak beste herri batekoari desafioa botako dio hilero, entrenamentu gisa. Lehenengo desafioa Zarauzko [i]Motxian[/i] bertso eskolari bota zioten, hauek onartu eta ostiral gauean ederki aritu ziren Jalgin.

Desafiorako ariketa bereziak prestatu zizkien Imanol Lizardi gai jartzaileak parte hartzaileei. Maleta handia hartuta etorri zen Jalgiko desafiora gai jartzailea.
Lasarte-Oriako bertso eskolatik Beñat Iguaran, Unai Muñoa eta Zigor Iriondok hartu zuten parte; Zarauzko Motxian bertso eskolatik berriz, Aitor Urbieta, Oier Aizpurua eta Markel Izagirre gazteak. Aipatzekoa da Markelek 15 urte besterik ez dituela, eta bere lehenengo plaza izan zela ostiralekoa.
Imanolek jarri zien lehenbiziko gaia bata besteari aurkeztea izan zen, baina lasarteoriatarrek zarauztarrak aurkeztu behar zituzten eta alderantziz. Elkar ederki zirikatu zuten, horretarako aukerarik ez zuten galdu.
Agurraren ondoren, gai-jartzaileak maleta handia ireki eta Zarauzko taldeari Bob Esponja panpina eman zien eta Lasarte-Oriakoei Porrotxena. Olentzerok Imanoli esan omen zion aurten haurrek Bob Esponjaren panpina gehiago eskatu dizkiotela Porrotxenak baino eta bakoitzak berea defendatu behar zuen.
Hurrengo ariketa ez zuten erraza izan bertsolariek, herri bakoitzeko kide bana altxa arazi eta begiak estali zien. Zarauztarrak hasita, beste kide batek zakutik ateratako gauza bat deskribatu behar zuen bere herrikideak asmatu zezan, baina lasarteoriatarrak ez asmatzeko moduan. Zarauztarrek danborra eta boxeoko goantea asmatu zuten, lasarteoriatarrek berriz, dromedarioa bakarrik.
Bakarka ere jarri zituen bertsotan Imanolek. Muñoak Hego Ameriketatik etorri berria den haur bati abestu zion, “ikasgelan hiru egunetan ez du hitzik egin, eta bapatean a que maldito pais me habeis traido bota du”.
Binaka ere jarri zituen bertsolariak berriro. Batek pertsonai baten irudia ikusi eta mimikaz adierazi behar zion besteari nor zen, honek koplatan esan behar zuen uste zuen izena. Maialen Lujanbio eta Ana Urchueguia erraz asmatu zituzten, Belen Esteban berriz, ezin.

Tabakoaren legea hizpide

Tabakoaren legea zela eta, Oier tabernariaren paperean jarri zuen gai jartzaileak eta Aitor berriz, taberna barruan erre nahi zuen bezeroa. Ahalegin guztiak egin zituen Aitorrek, baina azkenean ez zuen zigarrorik piztu ere egin.
Azken agurra kantatu aurretik Zigor eta Muñoa segidillarekin bikain aritu ziren ikusleen artean bertsotan, bertan zaudenei errepaso txiki bat ematen.