Greba orokor deia ostegunerako

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 24a

Euskal sindikatuek datorren ostegunean, urtarrilaren 27an, greba egiteko deia luzatu dute "errespetatu langileon eskubideak!" aldarrikapena zabaldu eta Gobernuak hartutako erabakiei erantzuteko: "Benetako aldaketaren alde borrokan jarraitu behar dugu, beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan ez daitezen erabili, ekonomia herritarren mesedetan baizik" aldarrikatu dute ELA, LAB, Stee/Eilas, Ehne eta Hiru sindikatuek. ESK sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin.

Euskal Herriko sindikatu abertzaleek urtarrilaren 27an lanik ez egiteko eskatu diete langileei hauen aurka agintariek duten jokabidea salatzeko, konkretuki pentsio sistema publikoaren aurka hartuko diren erabakiak arbuiatzeko (adina 67 urtera luzatzea, kotizazio urteak gehitzea edota erretiroaren kalkuluan urte gehiago kontutan hartzea besteak beste).
Aipatutako sindikatuen ustez, langileen eskubide eta soldatak murrizten eta elite ekonomikoak laguntzen ari dira: krisialdiaren aitzakiaz, bankak agindu eta Europako estatu ezberdinek men egin; lan eskubideak kendu, soldatak murriztu, gastu publiko eta soziala mugatu,... eta eliteen zama fiskala arindu, hobariekin saritu eta iruzur fiskalaren aurrean begiak itxi.
"Pentsio sistema publikoarekin amaitu eta pribatizatu nahi dute, espekulatzeko. Europa osoan ari dira honetan, berriro ere banka salbatzeko gure poltsikoetako diruaz. Botere ekonomikoak eskatu eta botere politikoak gauzatuko duen lapurreta "legala" da hori".

Bankarekin uztartuta

Gasteiz, Iruñea eta Madrileko Gobernuek berdin jokatzen dutela uste dute sindikatuek, PSOE, PNV edo UPNk bidea konpartitzen dutela, "banka eta enpresa handiekin aliaturik daude euren poltsikoak betetzen jarraitzeko, langile klasea gero eta gehiago estuturik" adierazi dute sindikatuek ostegunean greba egiteko deialdia zabaltzerakoan.
Eraso hauen kontra erantzuten segituko dutela diote, era berean, "guretzat sorrarazten miseriazko etorkizuna ez dugulako nahi".
Euskal sindikatuen ustez, denek pentsio duina izateko neurriak hartu behar dira, "baina ez orain arteko norabidean, kontrakoan baino, hau da, aberastasunaren banaketan oinarrituta”.
Sindikatuek eskaera konkretuak ere egin dituzte: batetik euskal langileek euren pentsio sistema propioa erabakitzeko eta sortzeko ahalmena eta bitartekoak eskatu dituzte eta bestalde, kalitatezko enplegua sortzeko neurriak, lan merkatuan gazte eta emakumeen sarrera, baina aukera eta baldintza berdinekin, eta fiskalitate justu eta progresiboa, hau da, "gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu dezatela".