Urrezko atletak Lasarte-Orian

Nerea Eizagirre 2011ko urtarrilaren 24a

Lehengo asteburuan, urtarrilaren 14 eta 15ean, Junior, Jubenil eta Kadete mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Anoetako belodromoan. Bertan, LOKEko bost atleta gaztek hainbat probatan parte hartu eta emaitza paregabeak lortu zituzten: lau Gipuzkoako txapeldun eta txapeldun orde bat ditugu herrian.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko atleta gazteek lan ona burutu zuten lehengo astean Donostian egin ziren Gipuzkoako txapelketan. Oscar Goikoetxearen zuzendaritzapean lan egiten duten herriko atleta gazteek bost domina eskuratu zituzten eta horietako lau urrezkoak izan ziren.
Urtarrilaren 14an ostiralean eta 15ean larunbatean, junior, jubenil eta kadete mailako Gipuzkoako txapelketan Irati Larrañaga, Gaizka Ormazabal, Eneritz Imaz, Ane de Miguel eta Ane Galardi izan ziren LOKEko ordezkari.
Gipuzkoako txapelketan ez da sailkapenik egoten, zuzenean finala jokatzen da eta proba bakoitzeko denbora edo marka hoberena egiten duenak lortzen du domina.

Juniorrak

Beraz, haien hoberena eman behar dute atleta gazteek eta LOKEko Irati Larrañaga eta Gaizka Ormazabalek horrela egin zuten.
Junior mailan lehiatu ziren bi atleta hauen artean lau domina eskuratu zituzten eta horietako hiru, gainera, urrezkoak izan ziren.
Irati izan zen Gipuzkoako txapelketa hauetan bi txapela eskuratu zituen bakarra.
Luzera proban lehenengo jauzian 4,99 m. eginez ziurtatu zuen Iratik urrezko domina
Altueran ere, lehengo saiakeran 1,35 metroko jauzia egin zuen eta txapelketa eskuratu zuen.
Ostean, 1,40 metrora jarri zuen listoia. Tamalez, ez zuen altuera hori gainditu.
Honetaz gain, 200 metroetan ere parte hartu eta laugarren izan zen Larrañaga atleta gaztea.
Abiadura probetan lortu zituen Gaizka Ormazabalek bere bi dominak.
Atleta lasarteoriatarra 400 metro proban, lehenengo izan zen helmugan 54,10 segundoko denborarekin eta bigarrenari 24 ehuneko atera zizkion, gainera.
Zilarrezko domina, 200 m. proban eskuratu zuen. Ormazabalek ezin izan zuen Aitor Zabala atleta tolosarra gainditu, 22,91 s., eta 23,26 segundo egin zituen amaieran.

Jubenilak eta kadetea

Ane Galardi kadeteak ere lan paregabea egin zuen luzera jauzian.
Bigarren jauzian, 4,9 metro egin zituen Galardik eta probako bigarren zen momentu horretan.
Beste jauzi guztiak baliogabeak izan ziren arren, bosgarrenean, 5 metrora iritsi zen eta jauzi horrek urrezko domina eman zion Lasarte-Oriako atleta gazteari, bigarrenari bi zentimetroko errenta atera baitzion.
Jubeniletan, azkenik, Eneritz Imaz eta Ane de Miguel talde kideek 60 m. proban lehiatu ziren. Eneritzek 9. postuan amaitu zuen eta Ane de Miguelek hamaseigarrenean.
Eneritzek, gainera, 200 metroko proban ere hamar lehenen artean egotea lortu zuen, zazpigarren amaituaz.

Markak egiten

Honetaz gain, Gipuzkoako eta Euskadiko federazioen arteko liskarra dela eta, Oskar Goikoetxeak zuzentzen dituen atleta gazteek ez dakite ziur Euskadiko txapelketak jokatuko diren edo ez.
Bitartean, asteburu honetan, LOKEko gazteek lehiaketak izan dituzte. Irati Larrañagak jauzi hirukoitzeko Gipuzkoako txapelketako proba izan zuen ostiralean eta taldeko bestekideek Partehartze askeko probak izan zituzten.
Hauetan txapelketetarako baliagarri diren markak egin ahal dituzte eta Estatuko marketatik gertu dabiltza atleta gazteak. Esate baterako, Gaizka Ormazabalek ehuneko batzuk jaistea bestetik ez du eta Ane Galardik luzera jauzian bost zentimetro gehiago egin beharko lituzke.