U-27ko grebak jarraipen handia izan du herrian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 28a

Goiz goizetik kotxe bozinak izan ziren nagusi Lasarte-Orian. LABeko kotxe karabana batek greba orokor baten egunean ginela gogoratu zuen. Pikete informatiboak ere ikusi ziren herriko kaleetatik zehar, irekita aurkitzen zituzten negozio gutxi batzuei greba orokorraren zergatia eta helburuaren informazioa emateko asmoz.
Lanik ez egiteko eskatu zieten langile hauei, aurka dituzten agintarien jokabidea salatzeko, konkretuki pentsio sistema publikoaren aurka hartuko diren erabakiak arbuiatzeko (adina 67 urtera luzatzea, kotizazio urteak gehitzea edota erretiroaren kalkuluan urte gehiago kontutan hartzea besteak beste).

Jarraipen handia

Arrazoi hauek pisuzkoak dira langileriarentzako eta Lasarte-Orian behintzat, U-27ko greba orokorrak jarraipen handia izan zuen. Dendak, bankuak, harategiak, ikastolak, tabernak... itxi egin zituzten. Atzokoa igande itxurako osteguna zen. Jende gutxiago kaleetan eta baita herriko errepideetan ere.

Euskal Herriko hiriburuak

Lehen aipatu bezala pikete informatibo eta kotxe karabanak ikusi ahal izan genituen atzoko egunean zehar herrian. Manifestazio eta kontzentrazioak aldiz, Euskal Herriko hiriburuetan antolatu zituzten greba orokorrerako deia egindako sindikatuek. Donostian, goizeko 11:45ean Sagues, Antiguo eta Anoetatik hiru martxa atera ziren, Buen Pastorren elkartzeko eta 12:30etik aurrera manifestazio bateratua egiteko.
Atzo herritarrek pentsioen eraldaketaren kontra batu eta protesta egin zuten.