Gutun hau probestu nahi dugu Lasarte-Orian abiatu dugun proiektu baten berri emateko eta baita gure hausnarketa herriko gazteei helarazteko. Gure iritziz, nabarmena da azken hamarkadan eta bereziki azken urteotan gazteriaren ohitura eta joerak asko aldatu direla eta hain zuzen aldaketa hauei erantzutera datorren ekimena da Marasma Saretzen.
Aldaketa hauek egunerokotasunean begi bistan ditugun aldaketak dira, nahiz eta hauek poliki poliki ia era naturalean txertatzen joan diren. Sistema kapitalistak sortu dituen behar berriek eragin handia izan dute guzti honetan. Gazteriaren komunikatzeko ohiturak aldatu dira; politikarekiko ikuspegi negatiboa ugaritu da (politika bere zentzu hertsienean ulertzeraino); belaunaldi ezberdinen arteko harremanak galdu dira eta gainera gazteriak bere kolektibo izaera galdu du erabat indibidualizatzeraino. Berezkoa dugun izaera errebelde eta inkonformista galdu eta sistema kapitalistaren kontsumorako produktu bikainena bilakatu gara.
Guzti honek gazteok gazte izateagatik bizi dugun problematika ezkutatzea ekarri du, ez baitago ukatzerik gazteok problematika bat bizi dugula. Jendarteak orokorrean dituen arazoak are nabarmenago bizi ohi ditu gazteriak gazte izate hutsagatik. Gure herrian, batez ere, geure burua antolatzeko guneen falta larria bizi dugu; prekarietatea; sistemak bultzatzen dituen harreman ereduak… Gazteok gure kolektibo izaera galtzearekin batera gazte problematikaren kontzientzia ere galdu dugula esan genezake.
Euskal Herrian euskaldun izateagatik dugun problematika erantsia ere ezin dugu ahaztu. Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza egoeraren ondorioz eta bizi duen asimilazio kulturalaren ondorioz nabarmena da egun ezin dezakegula euskal gazte kolektiboaz hitz egin. Ezberdintasun kultural nabarmenak daude euskal gazteriaren artean eta bereziki nabarmena da Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako gazteen eta Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako gazteen artean dauden ezberdintasunak
Hortaz, Marasma, gazte kontzientzia berpiztu eta gazterian motibazioa piztu nahi duen prozesua da. Gazteria elkar ezagutzea, zerk kezkatzen gaituen jakitea eta gauzak aldatzeko gai garela ikusi araztea da Marasma Saretzen-en helburua. Gazteok iraultza egin behar dugu eta horretarako gai gara, eguneroko gauza txikiak aldatuz egiten baita iraultza. Gazte bakoitza gara iraultzarako subjektua, gugandik hasten da kolektiboaren arazoei buelta emango dien iraultza. Amaitzeko, herriko gazte guztiei animatu nahi dizuegu gure proiektuan parte hartzera, ezberdintasunak alde batera utziz, komunean ditugun helburuen alde borrokatuz.
Lasarte-Oriako Marasma