Tabakoaren kontrako legea indarrean da

itxaso-moreno 2011ko urt. 28a, 01:00

Urte berriarekin batera, tabakoaren kontrako legea ezarri zen Espainiar estatu osoan. Honen arabera, leku publiko eta itxi guztietan erretzea debekatuta dago. Lege honek, 2006ko araudia aldatu eta osatu egiten du. Beraz, honen bitartez ere zenbait toki zabaletan, hala nola ikastola, ikastetxe eta institutuetako kanpoaldean, jolastokietan edo osasun-zentroen inguruetan erretzea debekaturik geratzen da. Lege berri honekin, jada estatuan ezarrita zegoen legea gogortu egin da.

Urtarrilaren 2an sartu zen indarrean Estatu Espainolean tabakoaren kontrako lege berria. Horrela tabakismoaren aurkako osasun neurrien Legea 2006ko araudia aldatu eta osatzera etorri da.
Hori horrela, toki zabal eta publiko batzuetan erretzea debekaturik geratu da. Besteak beste, institutuetako kanpoaldean, jolastokietan edo osasun-zentroen inguruetan.
Honetaz gain, Lege berri honek ahalbidetzen du hotel, aterpetxe eta ostatuetan erretzaileentzat gelen %30 bakarrik gordetzea.
Bestetik, kartzeletako preso, ospitale psikiatrikoetako gaixo eta egoitzetako zaharrek erretzeko aukera izango dute, baina horretarako espresuki prestatutako geletan.

Autoetan erre daiteke

Azkenean, ibilgailu pribatuetan erre ahal da. Hasiera batean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek adingabeak barnean egonez gero erretzea debekaturik egongo zela adierazi bazuten ere, azkenean helduen esku utziko dute erabaki hau.
Lege berri honekin adingabeak eta ostalaritzako langileak babestu nahi dira. Hauek, eurak aukeratu eta nahi gabe, ordu askotan erretzen ari zirenen zigarroen kea arnastera behartuak baitzeuden euren lanbidean.

Heriotza ugariren sortzaile

Tabakismoa gaixotasun ugariren sortzailea dela diote adituak eta saihestu daitekeen lehen kasua. Hauen aburuz, urtean 50.000 heriotza baino gehiago eragiten du tabakoak.
Estatu Espainolak urtean 100.000 milioi euroko aurrekontua du osasun arazoetarako, eta hauetatik, osasun publikoa eta pribatua aintzat hartuz, %15a tabakoarekin lotutako gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen da.
Lege berri honekin, Espainiak Europako Batzordeak ezarritako bideari jarraitzen dio. Azken finean, hauek helburu zehatz bat daukate, 2012rako Europako estatu guztietan, itxirik dauden esparru guztietan erretzeko debekua ezarria egotea. “Badakit tabernarientzat erabaki hau osasungarria dela, baina azkenean taberna gure ogibidea da, eta salmentak jaisten badira, lanik gabe geratzen gara” azaldu digute Insausti tabernan.

Ostalarien kezka
Ostalariak hasieratik Lege Berriaren kontra azaldu ziren. Izan ere bere negozioan salmentak jaitsiko ote ziren beldurrez ziren, eta kezkatuta beraz, lanpostu ugari galdu eta taberna asko itxiko zirelakoan.
Legea indarrean sartu da, nahiz oraindik Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den legea ez den otsailera arte onartuko. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi zuenez debekatutako lekuetan erretzeagatik egindako salaketak lehenengo egunetik bideratuko dira.
Badirudi erretzaileek lege berria gaizki hartu badute ere errespetu osoz aurrera eramaten ari direla.
Urtarrilaren 2tik aurrera tabernen kanpoaldean estanpa berri bat ageri da: erretzaileak zigarroa kalean erretzen, eta barrualdean, aldiz, ohikoak ez ziren usainak. “Jendeak inongo erreparorik gabe legea bete du, kalera atera dira errespetu osoz” adierazi digute bai Jalgi eta bai Insausti tabernetan “ez dugu arazorik izan inorekin”.
Egia da aldaketa klimatikoak lagundu duela, hau da, hasi berri dugun urte honetan eguraldiari esker kanpoan egoteko aukera izan dela, “eta horrek gauzak asko erraztu ditu, ikusi beharko da eguraldi txarra datorrenean” gaineratu zigun Insausti tabernako nagusiak.
Lege honi ere alde positiboak ikusten dizkiete ostalariek “ez dago kerik eta dena askoz garbiago aurkitzen dugu” azaldu digute Lasarte tabernakoek.

Kontsumoa behera?

Tabernarien kezka nagusia Lege Berriak salmenten beherakada ekarriko ote duen ikustea da, baina ostalari asko tentu eta zuhurtziaz dabiltza oraindik balorazioak egiteko orduan. “Urtarrilean beti jaisten da kontsumoa, beraz oraindik goiz da kontsumoaren beherakada tabakoaren eraginez edota krisiaren ondorioz etorri den argitzeko” adierazten du Jalgiko nagusiak. Bestetik, Lasarte Tabernako nagusiaren ustez, “abenduarekin konparatuta %10-20an jaitsi da kontsumoa”.
Jaitsiera nabaritu dutela adierazi digute Insausti tabernan: “lehen goizetan kafe ugari ematen genituen, eta orain taberna hutsa aurkitzen dugu”. Proposamena ere luzatu du “gau partean erretzeko debekua kentzea”.
Lasarte tabernakoaren arabera “guk taberna ireki baino lehen ondo egokitu genuen lokala, horrela kea ez pilatzeko”. “Legea hain zorrotza izan beharrean tabernak ondo egokitzearekin nahikoa izango litzateke, erretzaile eta ez erretzaileak ondo konpondu eta denen elkarbizitzarako” gaineratu digu.
Lege honek eta kontsumoaren beherakadak ere lehenengo ondorioak utzi ditu herrian “taberna ireki eta lan pila genuenez, pertsona bat kontratu behar izan genuen, orain urtarrilean aldiz kontsumo jaitsierarekin kaleratu behar izan dugu” azaldu digute Lasartekoak.

Tabako jaitsiera

Lege honekin zailak jartzen zaizkie gauzak erretzaileei. Zigarro bat erretzeko aukerak ugari murriztu zaizkie, eta horren bidez Estatu Espainoleko gobernuaren helburua jendeak tabakoak utz dezala da.
Urtea amaitu baino lehen tabakoaren zergaren igoera ikaragarria erabaki zuen gobernu zentralak “asko nabaritu zen tabako erosleen artean, ohiko markak erosteari utzi eta merkagoak probatzen hasi ziren” azaldu digu Barbereko tabako-saltzaileak. Tabakoaren salmenta ere jaitsi dela dio “hala ere urtarrila hilabete txarra da, jende askok urte berria intentzio ugarirekin hasten du; tabakoa utzi, gimnasioan hasi... ez da hilabete ona balorazioa egiteko”.
Tabako arruntaren salmenta ere ugari murriztu da, baina honek ez du esan nahi jendeak erretzeari utzi dionik, beste bide batzuk bilatu dituela baizik. Horren adibidea dira biltzeko tabakoa edo ez-ohiko markak “orain tabako eskaria egiten dudanean ez dakit zer eskatu, astetik astera aldatzen baita kontsumoa” gaineratu du. Tabernetan tabako makina dutenek ere gutxiago saltzen dutela nabaritu dute “ikaragarria izan da sumatu dugun beherapena” dio Jalgiko nagusiak.
Jendea haserre dago tabakoaren prezioarekin “jasan duen igoera izugarria da, biltzeko tabakoarena pasada bat izan da” azaltzen digu Barberekoak “azkenean bakoitzak gure balkoian landatzen bukatuko dugu” gaineratu du. Tabako saltzaileak argi daukate erretzaileak erretzen jarraituko duela: legeak ez du eragingo, jendeak nahi duenean bakarrik uzten du eta.

Legediari egokituz

Ez zela iritsiko, edota ez zela errespetatuko uste bazen ere, urtarrilaren 2an gauzatu zen. Tabakoaren kontrako legea indarrean sartu eta momentuz gizartearen artean talka gaia bihurtu bada ere, Lasarte-Orian eragozpenik gabe, errespetuz aurrera eramaten ari dela esan dezakegu.