Rokodromo eta padel pista berriak martxan dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 28a

Lasarte-Oriako kirol instalazioak asteartetik padel pista eta rokodromo berriarekin osatu dira. Loidi-Barreneko ekipamenduan egin diren lanen bigarren fasea izan da eta funtzionamenduan zegoen frontoiari batu zaizkio. Aipatutako obra hauek Gobernu zentralak martxan jarritako Tokiko Enplegu eta Egonkortasunerako Estatuko Funtsarekin finantzatu dira.
Jesu Zaballos herriko alkateak Mikel Cabieces, Gobernuak Euskadin duen ordezkariarekin eta Pedro Luis Río Oyarbide, Gobernuak Gipuzkoan duen delegatuordearekin, bisitatu zituen instalazio berriak. 2009an hasitako proiektu honen bigarren eta azken fase honetan padelaren ekipamendua jarri da, rokodromoa egin, frontoiaren frontisa eta instalazio elektrikoa, ingurua urbanizatzeaz gain. Zerbitzuaren gestioa udal kiroldegitik egingo da, eta erabili nahi dutenek bertan egin beharko dituzte erreserbak.
Bigarren fase honek 675.000 euroko aurrekontua izan du, eta lehenengo fasekoari batuta 1,3 milioi euro kostatu da kirol instalazioa.

Komun publikoa

Kirol instalazio hauen ondoan, herrian jarri nahi diren hiru komun publikoetatik lehena jarri da. Pertsona guztiei egokituta dago eta bera bakarrik garbitzen da.

E-Planaren garrantzia

Mikel Cabices-ek E-Plana udaletxeentzako garrantzitsua izan dela aipatu zuen “Lasarte-Oriak baliabideak modu eraginkor batean nola bideratu daitezkeen erakutsi digu” gaineratuz.
Bestetik Zaballosek “plan honi esker herriarekin hartutako konpromisoak bete ditugu eta horrez gain, 15 pertsonei lana eman diegu, 5i kirol instalazioetan eta 10i Gaztelekuan” azaldu zuen.