Euskal presoen lagun taldearen eskertza

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 28a

Lasarte-Oriako Euskal presoen lagun taldeak urtarrilaren 7ko poesia irakurketaren balorazioa egin du eta eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartuz Xirimiri elkartean elkartu ziren herritarrei.
“Aurrez testuak jaso eta aukeraketari heldu gintzaizkionean, sumatu genuen gogoaren itsasoan egingo genuela arraun. Hala izan da. Gogoz aritu gara eta eskatu ahala etorri zaigu laguntza. Horregatik 30 lagunetik gora sartu dira errezitaldirako testuen uretan, azken batean, horiek guztiek urrutiko espetxeetatik jasotako hitzei musika, gorputza, ahotsa eta aurpegia jartzeko lanari heldu diote” adierazten dute.
Horregatik, “eskerrak taldean aritu diren guztiei: elkartea okasiorako egokitzen, soinu, doinu ala ahotsa jendaurrean jartzen; argi, irudi eta testuak itzalean jartzen; eta sukaldean aritu zirenei, ekimenak afalostekoa ere izan zezan” eransten dute.
Urtarrilaren 7an Xirimiriko ekitaldian parte hartu zutenek ikusleen eskerrak eta agur beroak jasotzeko aukera izan zuten, baina, hala ere, ikusle modura joan zirenei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek.
“Sentipen ugari piztu digu errezitaldiak. Jarritakoaren proportzioan jasotzen da. Pentsamendu matematiko hori ez da errezitaldiarekin bete. Jarritakoa baino gehiago jaso dugulako,” azpimarratzen dute.

Presoak gertuago

“Ausartegia badirudi ere eta pixka bat bada ere, ziegetan sakabanatuta dauzkaten senide/lagunen larruan sartu garela iruditu zaigu. Haien hitzen bidez euren nahi, pentsamendu, sentipen edo eguneroko uneak gerturago sentitu ditugu. Ziega bakartienetatik ere, hitza bitarteko, gurekin partekatzeko erreparoak uxatuta bezala, gurekin izan dira,” jakinarazten dute.
Horren guztiaren bidez, presoengandik gertu sentitu eta “askatasunera, maitasunera, adiskidetasunera, konpromisora, bakardadera, tinkotasunera eraman gaituzue. Gozatu dugu eta ez genuke azkena izatea nahi.” Eta “elkarren premia dugun artean izango da idatzi gehiago,” atxikitzen dute.
“Presoak non, eta zenbat km-tara dauzkaten oso gogoan daukagu, bisitan joan edo eskutitz batek iristeko zenbat denbora ematen duen ikusiz esaterako. Esateko daukatenari leku egin diogu. Errezitaldiak bietako aukera eman digu: sakabanatuta eta zigortuta dauzkatela gogoratzeko batetik eta eurei hitza emateko bestetik,” adierazten dute.
Honenbestez, zuzenean jasotako arreta, txalo eta agurrak testuen egileei iristea nahi dute. “Gurpila bueltaka jarrita, haiek guztiengana iritsi nahi dugulako. Gurpila ez dago geldirik. Iristeko dagoen konponbide demokratikoa, gurpilari eragiten edo arraunean ari garela helduko da,” adierazten dute.