Giro bikaina Nazioarteko LVI. Krosean

jon-altuna 2011ko urtarrilaren 31

Giro bikaina izan zen atzo goizean Hipodromoan Donostiako LVI. Nazioarteko Krosean. Eguraldiak lagundu egin zuen, ez zuen goiz guztian euririk egin, eta bezperako zaparraden ondorioz lokatza pixka bat baldin bazegoen ere, korrika egiteko giro ezin hobea zen. Goizeko 10.30ean hasita hainbat lasterketa egin ziren, baina garrantzitsuenetan, senior mailakoan lehenengoak Kiprono Menjo kenyarra eta Nuria Fernandez 1.500 metrotako Europako txapeldun madrildarra izan ziren.

Giprono Menjo eta Nuria Fernandez izan ziren aurtengo nazioarteko kroseko proba nagusien irabazleak, baina goizean goiz hasita ehunka korrikalarik hartu zuten parte maila ezberdinetako lasterketetan. Lasarte-Oriako korrikalariak gustura ziren 56. Nazioarteko Krosean egindako lanarekin, Gonzalo Sukunza 29. izan zen senior mailan, Pili Bodegas 14. emakumeen senior mailan eta Gipuzkoako bigarren, Olatz Floresek jubenil mailan lehenengo postua eskuratu zuen eta infantil mailan 15. izan zen Itoitz Rodriguez.
Bi kenyar izan ziren gizonezkoen nazioarteko kroseko podiumean. Kirpono Menjo, 10.000 metrotako lasterketetan munduko onenetarikoa da, ez zuen hutsegin eta 2008an lortutako garaipena errepikatu zuen.
Menjo berak eta 20 urteko Titus Mbishei jo zuten azken kilometrotan erasoa eta soilik Sergei Lebid ukraniarrak eutsi zion kenyarren erritmoari. Beraz hiru hauek izan ziren podiumean. Menjo 31 minutu eta 6 segundoko denborarekin, Mbishei 31.13rekin eta Lebid 31.17rekin.
Atzetik Ricardo Serrano madrildarra, eta Ivan Fernandez arabarra izan zen lehen euskalduna 8. postuan. Gonzalo Sukunza herritarra 29. izan zen 36.14 denborarekin.

Emakumeak motel

Emakumeen probak erritmo motela izan zuen eta azken esprintean nagusitu zen Nuria Fernández madrildarra 18 minutu eta 54 segundorekin. Ondoren duela hiru urte irabazle izan zen Kenyako Eunice Jepkorir (19.00) eta Valentziako Gemma Barrachina (19:01) sailkatu ziren. Fernandez irabazlea oso pozik zen eta antolatzaileek berari deitzeko izan duten ausardia nabarmendu zuen, izan ere, garai txarrak pasa ditu atletismoan duela gutxi salatu den dopin kasuarekin lotu baitute.
Gipuzkoako txapelketa ere jokatu zen lasterketa honetan eta podiumera Penélope Baños, Pili Bodegas eta Maite Maiora igo ziren. Bodegas lasarteoriatarra Gipuzkoako txapeldunordea izan da beraz, 21-04 denbora egin zuen, 14 dortsala zuen eta 14. postuan sartu zen.

Pili Bodegas txapeldunorde

Bukaeran pozik zen Pili Bodegas: "Uste nuena baino hobeto aritu naiz. Ondo. Iazkoarekin alderatuz oso ondo. Izan ere, zer izan zen hura. Lokatzetan hanka sartu eta bertan geratzen zen".
Oso pozik zegoen berriro lehen postuetan izan delako. "Iaz ere podiumean egon nintzen hirugarrena eta pixkanaka postu bat igotzearekin konformatzen naiz" Bigarren aldiz parte hartu du Krosean, bere ustez honelako krosak oso proba gogorrak dira eta.

Itoitz bakarra

Bestalde, hasiberri, infantil, kadete eta jubenil mailetan ez zen lasarteoriatarren parte hartzen handirik izan. LOKE taldeko partaide bakarra Itoitz Rodriguez Errondosoro izan zen.
Infantil mailan 15. izan zen, Jon Rodriguez (10.24) irabazleak baino 54 segundo gehiago behar izan zituen. Dena den oso pozik zen Itoitz Rodriguez amaieran 15. postuarekin. kontutan izanik astean gripea pasa duela: "Gogorra egin zait gripearekin egon naizelako" kontatu zigun amaieran. Gustuko du proba eta bigarren aldiz atera da: "iaz baino baldintza hobetan zegoen belarra. Gainera iaz azkar hasi nintzen eta gero gaizki pasa nuen. Gaur nire erritmoa iraunkor mantendu dut eta ondo bukatu dut".
Gustuko du Itoiz Rodriguezek lasterka egitea eta atletismoan jarraitzeko asmoa du.
Bestalde, Lasarte-Orian sortutako Olatz Flores Yabenek emakumeen jubenil mailako lasterketa irabazi egin zuen 15 minutu eta 35 segundoko denborarekin.

Omenaldia

Joxe Miel Maiz korrikalari aiarra omendu zuten bestalde atzo antolatzaileek. 1968an irabazi zuen Nazioarteko krosa Mamo Wolde eta Mariano Haro korrikalari handien aurretik.
1967an bigarren gelditu zen etiopiarraren atzetik, baina lasterketa hasieran oinetako bat galdu ondoren, bakarrarekin egin zuen ia proba osoa eta Woldek azken esprintean hartu zion aurrea, beraz irabazteko gai zela pentsatu eta hurrengo urtean buru belarri prestatu zen irabazteko eta irabazi egin zuen. Munduko txapelketa batean seigarrena izan zen.

Auto zaharrak

Hipodromoko sarrerako aparkalekuan auto klasikoen erakusketa ere jarri zuten antolatzaileek atzo goizean, gutxi gorabehera garai ezberdinetako 25 auto zahar ikusteko aukera izan zen.
Sarrerak 10 euro balio zuen atzo, 6 eurokorrikalarien senide eta lagunentzat, eta sarreran bertan salda banatzen zuten.