“Ez dakit noraino iritsiko nintzen”

jon-altuna 2011ko urtarrilaren 31

Iban Mayoz Lasarte-Oriako txirrindularia erretiratu egingo da 29 urterekin, hemengo talde profesionaletan tokirik aurkitu ez duelako. Pena du oraindik bospasei urtetan onena emateko zegoelako. Dena den, bere ametsetako bat, Frantziako Tour-ean korritzea, bete du. Hain juxtu 2010eko Tour-eko 15. etapa izan da bere bizitzako azken lasterketa. Orduan erori, hiru saihets puskatu eta ezin izan zuen itzulia amaitu. Ondo sendatu da, baina ez du jarraitzeko aukerarik izan.

Gabonak arte ibili da entrenatzen eta talde bila, baina etsi eta txirrindularitza profesionala uztea erabaki du Iban Mayoz-ek.

29 urterekin utziko duzu txirrindularitza profesionala, gazterik, ezta?
Bai, azken karrera oraindik 28rekin korritu nuen, irailean egin nituen 29, eta pentsa, oraindik beste bospasei urte baneuzkala uste dut.

Zer sentitzen duzu?
Alde horretatik pena. Hainbeste kostatzen da horra iristea, urte batzuek egin eta behin jada maila pixka bat hartzen ari zarenean kolpetik utzi beharrak pena ematen du, ze nik uste hemendik aurrera edukiko nituela urterik onenak eta hain juxtu hortxe mozten badute,... Gainera, bizitza guztia Tour-era joan nahian ibili, ailegatu eta hortik bizikleta uztera,... azken karrera hori izan da niretzako, Tour-a. Ez da logikoa Tour-eraino iritsi eta hortik, goi goitik kanpora joatea.

Urte hauek esperientzia hartzeko balio dizute eta hartutakoan kanpora,...
Beti ere aurreneko urteak zailagoak izaten dira, baina,....

Zaletasunik ez duzu galdu, hala ere, ezta?
Ez, azken finean hori barruan daramagu.

Zergatik utzi behar izan duzu? Zer gertatu da?
Talderik ez daukadalako. Kanpora joanez gero, nonbaiten talde txikiren bat bilatuko nuke, baina hemengo taldetan ez dut lekurik aurkitu, nire taldeak (Footon Servetto) ere ez dit kontratua berritu,...

Orain arte talde bakoitzean bi urte eman dituzu, beraz aurten jarraitzea tokatzen zitzaizun,...
Bai, baina... Sekula egin dudan urterik onena izan da gainera, baina taldeak ez du nahi izan. Taldea ere aldatu egin da, italiarra da orain, eta hangoek agintzen dute. Taldeak jarraitzen du baina ez dute lehengoek erabakitzen. Zer egingo diogu bada!

Entrenatzen al duzu?
Urte bukaerara arte, bai, baina jada ez. Urtea bukatzearekin etsi nuen. Hemengo taldeetan saiatu nintzen, ez zen ezer atera, eta alperrik da. Ez du pena merezi norberak bere burua engainatzea. Askok jarraitzen dute, agian, beste urte bete entrenatzen, ea zer edo zer ateratzen den, baina ez du merezi,...

Egia esan, 2010a urte ona izan da zuretzat, Giro ona eta Tour-ean ere ondo ari zinela erori zinen... Ondo osatu al zara?
Bai bi hilabete egon nintzen geldi saihetsa sendatzeko, baina erabat sendatu nintzen eta ez da batere ondoriorik, fisikorik behintzat.

Beldurtu egiten al da bat horrelako erorketarekin?
Bai, erorketa nahiko serioa izan zen, ez zen ezer graberik pasa, baina horrelako erorketatan edozer pasa daiteke; hezurrak puskatu, biriketan kolpea, ... gauza serioak dira.

Horrek ez du zerikusirik izan zure erabakian, ezta?
Ez, ez, ez.

Zazpi denboraldi izan dira profesional gisa, Zein izan da zure ibilbideko garaipenik, oroitzapenik edo unerik
garrantzitsuena?

Garaipenik ez daukat, mendiko sariak eta bai, baina etapa garaipenik ez dut lortu. Posturik onena aurtengo Giroan hirugarrena. Ni geratzen naiz, urtero urtero, hobeto ibili naizela, azken urte honetan maila ona eduki dut, Giroan 22.a bukatu nuen, behintzat profesional bezala jarraitzeko maila soberan dela uste dut.

Arantza bat ere geldituko zaizu, Tourrik bukatu ez izana, nahiz eta ondo bukatzeko gai izan, ezta?
Bai, beti txikitatik Tour-era joateko ilusioa daukagu denok, eta hainbeste kosta hara iristea eta ez bukatu,... gainera min hartuta etxera joan eta hori izatea nire azken karrera, ba ez dakit bukaera txarra den baina ez da behintzat txirrindulari batek espero duen bukaera.

Erakutsi zenuen bukatzeko gai zinela?
Bai, bukatzea ez da zaila. Zerbait egitea da zaila. Fisikoki bukatzeko zailagoak dira egun bateko klasikoak, itzuli handiak baino. Niretzat bai behintzat. Hori bai, hiru astetan gauza asko gerta daitezke, erorketak,... Egun bateko lasterketan ez bazara oso aurrean ibiltzen erretiratu beharra daukazu eta itzulietan beti dago “grupeta”. Bukatzea ez da zaila, ez baldin bazara gaixo jartzen edota erortzen.

Kontrolez kanpo ez sartzeko interesa gehiagok dutelako, zabalduago dagoelako...
Normalean kontrolez kanpo oso gutxi sartzen dira itzuli handietan.

Aipatu duzu urtero hobetzen joan zarela, oraindik topea emateke zeundela sentitzen al duzu
Bai, logikoa hori da, sekula ezingo da jakin, baina, orain arte urtero hobeto ibili banaiz, 28 urterekin... bat 32-33 urtera arte hobetu daitekeela uste dut behintzat itzuli eta lasterketa handietan. Agian sprinterrek urteak pasa ahala galtzen dute indarra, baina itzuli handietan normalean hobetu egiten da. Ez dakit noraino iritsiko nintzen.

Behintzat munduko txirrindulari onenen artean ibili zara,...
Hori bai.

Ametsen batzuek ere bete dituzu, Tour-ean parte hartzea esaterako, nahiz eta nahi baino motzagoa izan...
Juxtu juxtu probatu dut, behintzat txikitan ilusio hori neukan eta hori lortzea ez dit inork kenduko. Ondo kostata lortu nuen eta.

Hainbat taldetan ibili zara 2004tik (Relax (2 urte), Euskaltel-Euskadi (2), Xacobeo (2) eta Footon (1)). Talderen baten oroitzapen berezirik ba al daukazu?
Bereziki ez. Bereziena aurreneko urtea izan zen, profesionaletara pasa nintzenean. Dena berria da, jendea, lasterketak,... Azken finean profesionaletara pasatzeko amets edo ilusio hori betetzen delako. Aurrenengo urtea, berezia ez dakit baina desberdina bada. Besteak nahiko antzekoak izan dira.

Eta Euskaltel hemengo taldea izanda,...
Egia esan ez. Txikitatik etxeko taldera joan nahi, baina behin hasita, ez daukat oroitzapen berezirik. Egia da hemen gehiago jarraitzen zaituztela, ez bazaude talde honetan jendeak askoz gutxiago ezagutzen zaitu.

Eta orain zer? Zer asmo? Txirrindularitzarekin lotuta jarraitzeko asmorik?
Neuk ere ez dakit. Pixka bat gehiago jarraitzeko esperantza neukan, eta egun batetik bestera gertatu da.

Seme alabekin egoteko denbora gehiago orain...
Bai, horiekin ez naiz aspertzen. Pixkanaka zerbait egingo dugu.

Txirrindularitzarekin lotuta zerbait, agian?
Momentuz ez. Ez dut ezer pentsatu. Egunen batean zerbait interesgarria egiteko aukera baldin badaukat, bai, azken finean gustatzen zait txirrindularitza. Baina momentuz ez, nahiago dut lasai hartu eta pixka bat deskonektatu.

Gogorra da profesional mailan aritzea.
Bai, gustatu egiten zaigu, baina sakrifizio asko eskatzen du, zentsu denetan eta gero karreretan ere asko sufritzen da. Telebistan ondo ikusten da baina, han bromarik ez da egoten. Munduko onenak elkartzen dira han, eta denek berdina nahi dute. Gogorra da, askotan eguraldi txar eta hotzarekin, euritan, oso gogorra egiten da.

Hasierak nola oroitzen dituzu?
14-15 urterekin hasi nintzen lasterketetan parte hartzen, kadete mailan, ordura arte udan ibiltzen nintzen lagun artean, eta serioago, afizionatutan. Orduan ikasten ari nintzen eta ez nuen egun osoa honetarako, goizean unibertsitatera eta arratsaldean entrenatzera. Udara arte ez nuen topera entrenatzen.

Sari asko jaso al zenituen afizionatuetan?
Ez asko, hiruzpalau.

Erraz pasa al zinen profesionaletara?
Suertea ere eduki nuen, eta behar da, txirrindulari on asko bidean gelditzen dira eta.
Suertea, bai baina erantzun egin behar da gero...
Bai ez baldin baduzu maila ematen segituan kanpora geratzen zara. Nik zazpi urte egin ditut eta mailarik ez baldin badaukazu urte bete edo bitan kanpoan geratzen zara.

Beste Karrera bukatu al zenuen?
Ez, Enpresa Administrazio ikasketetan ikasturte bat falta zait, irailera arte ezingo naiz hasi, baina hainbeste urte ikasten pasa eta bukatu nahi nuke. Saiatuko naiz.

Aita txirrindularia zeneukan, gustatuko litzaizuke semea txirrindulari izatea?
Ez zait inporta. Berak nahi badu errespetatuko dut eta lagunduko diot eta ez badu nahi oso ondo irudituko zait. Hori norberaren aukera da. Ez bazaizu gustatzen ezinezkoa da txirrindulari izatea. Behintzat profesional mailan. Bere erabakia izango da. Hasi nahi badu ondo eta bestela ere bai.

Azken urteotan hainbat saltsa izan da, prestigiorik galdu al du txirrindularitzak?
Nik behintzat irudipen hori daukat, kanpotik ikusita, gure irudiak asko galdu duela. Gu barruan gaude eta agian ez dugu berdin ikusten. Kanpokoak gero eta argiago ikusten du. Guk badakigu nola ibiltzen garen eta hori, kanpotik duen irudia, ez dela benetako errealitatea. Jendeak nahi duena esan eta pentsatuko du, baina ezin da beti horri begira egon. Azken finean txirrindulariak berak kulpa badauka, positiboak baldin badaude hartu dutelako da, baina prentsak alde horretatik min handia egin du. Dena den, oro har hori ez da txirrindularitzaren errealitatea, nire ustez behintzat.