Zubizarreta eta Garrido, Euskadiko borroka eta sanbo txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urtarrilaren 31

Urtarrilaren 23an, igandean, Gasteizko Abetxuko polikiroldegian Euskadiko sanbo eta borroka txapelketa burutu zen.
Bertan LOKEko judo taldeko kirolariek parte hartu eta garaipen garrantzitsuak eta esanguratsuak eskuratu zituzten.

Txapeldunetan txapeldun

Leire Zubizarreta eta Mario Garrido bikain ibili ziren txapelketan.
Bai Sanbo, eta baita borrokan ere, borrokaldiak irabazi egin zituzten, lehenengo geratu ziren haien kategorian eta, horren ondorioz, Euskadiko txapeldun titulua eskuratu zuten.
Josu Olmos ere ederki aritu zen Euskadiko Txapelketan. Bere pisuko Sanbo kategorian lehenengo amaitu zuen eta borrokan bigarrengo postua lortu zuen. Orokorrean, bigarren postua eskuratu zuen.

Emaitza bikainak

Oso pozik agertu da Gorka Aristegi entrenatzailea bere mutilek Euskadiko Txapelketan lortutako emaitzekin.
Izan ere, emaitza bikain hauei esker hirurak Espainiako txapelketan egongo dira. Kadeteen kanporaketa Murtzian egingo da. Jubenilak eta juniorrak, aldiz, Gijon eta Granadan dute kanporaketa.

Alebinak txapeldun
Honetaz gain, herrian judon harrobi ederra dagoela ezin da ukatu.
Urtarrilaren 15ean, Tolosan ospatu zen Eskola kiroleko jardunaldian, LOKEko alebinek Gipuzkoako taldekako txapelketarako sailkapena eskuratu zuten.
Lehiaketa horretan Gorka Aristondo, Beñat Loiarte, Unai Elizegi, Enara Ramirez, Romina Melissa, Jone Arroyo, Juanjo Quesada, Talib Vergara, Jorge Revuelta eta Mikel gaztetxoak gogor borrokatu ziren lurraldeko txapelketa nagusian egoteko.
Hau otsailaren 27an izango da Lezon eta bertan garaipena lortzeko lan egingo dute taldeko txikiek.