Gaiaz gain, egun osoko festa antolatuko dela erabaki zuten. Eguerdian hasi txupinarekin, ekitaldia, bazkaria (bakoitzak berea ekarri behar du), eta arratsaldeko desfilearekin amaituko da.
Mozorrotzeko aukera ugari
Seguruenik, zezenak izango dira gure herrian inauterietan eta hauekin batera San Ferminetako beste hainbat "partaide" ere egon daitezke: zezenen aurrean lasterka arituko diren korrikalariak (minik hartu ez dutenak eta mina hartu dutenak ere bai), zezen plazara doazen zaleak, baita ere zezenketen aurka daudenak, San Fermin bera, txupina botatzen duena eta korporazioa (balkoi eta guzti), txanpain botila, peña, txaranga, txistulariak, udaleko musika banda, txosna, "giri"ak, giriak botatzen diren iturria, sorosleak, txurreroak, barrakak, arrosa saltzaileak, CD eta DVD saltzaileak, jota-abeslariak, bertsolariak, Kukuxumuxuko zezena, erraldoiak eta buruhandiak, gaiteroak, herri kirolak, musika taldeak, txorizo-pintxoak, su artifizialak, zezen-suzkoa, Villabesa autobusa, Hemingway, karikaturagileak, garbitzaileak, udaltzaingoa, gaixoa ni...
Programa osatzen lagundu
Inauterietan parte hartu nahi duten talde, elkarte eta norbanakoei San Ferminetako programa osatzeko laguntza eskatu nahi zaie, hutsuneak baitaude.
Goizeko txupinarekin hasi eta egun osoko programazioa prestatu nahi da, beraz herritarren parte hartzea ezinbestekoa da.
Egun osoko festa denez, oholtzako egitaraua osatzeko norbaitek ekitalditxoren bat prestatu nahi badu, jakinarazi dezala mesedez, antolatzaileek programan sartu ahal izateko telefonoz: 943 371448 zenbakian edo e-mailez kultura@ttakun.com helbidean.
Lasarte-Orian ospatuko diren San Ferminak erabat euskaldunak izango dira eta norbaitek zerbait euskaratzeko laguntza behar izanez gero, aipatutako telefono zenbaki edo helbide elektronikora jo dezake.