Udala, erraustegia eta kartzela Zubietan jartzearen aurka

Txintxarri Aldizkaria 2011ko urt. 31a, 01:00

Erraustegia, kuartela eta kartzela Zubietan jartzearen aurka azaldu da Lasarte-Oriako Udala. Donostiako Lurralde Zatiko Planari (LZP) bederatzi alegazio egin dizkio Udalak, eta prentsaurreko batean, Jesus Maria Zaballos herriko alkateak eman zuen horien berri.
Zaballosek adierazi zuenez, LZPean hartutako erabakien ondorioz Lasarte-Oria “herri kaltetuena izango litzateke” erraustegia eta kartzela berria Zubietan eraiki eta Loiolako kuartela bertara eramaten baldin badira.
Hiru erabaki hauek “beharrezko azterketak egin gabe erabaki direla uste dugu” adierazi zuen Zaballosek.
Gainera, “kutsadura akustikoa, hondakinek ekarriko dituzten garraioak... gure udalerritik pasako dira eta azkenean lasarteoriatarrok pairatu beharko ditugu ondorioak” gaineratu zuen alkateak.
Kartzela eta kuartelaren inguruan “gure ustez hirigunetik ahalik eta urrunena mantendu behar diren eraikinak dira hauek” aipatu zuen Zaballosek.

Lurperatuta hobe

N-1 errepideak Lasarte-Oria bitan zatitzen duenez, eta honetaz gain ondoan bizi diren biztanleei kutsadura akustiko eta atmosferiko handia eragiten dienez, “N-1 lurperatzeko aukera luzatzen diogu diputaziori” azaldu zuen Zaballosek.
Alkatearen ustez, herritik pasatzen den tramoa “ez da luzeegia, beraz ikertzeko deia egiten diegu”.
Udalak argi dauka obra konplexua eta luzea izango litzatekeela, baina “Irunen adibidez trenbidea lurperatzeko aukera aztertuko dutela eman dute jakitera, eta hartzen duen lekua gure udalerria baina askoz zabalagoa da” argudiatu zuen Iñaki Mugika alkateordeak.
Azken obretan Udaletik enpresa eraikitzailei Goi-tentsioko lineak lurperatu ditzaten eskatu zaie eta horregatik LZPen Urnietatik Zubietako gainak bitartean subestazio elektrikoa eraikiko dela aurreikusten bada ere “hori lurperatzea eskatzen diegu” dio Zaballos.

Zuzenketak

LZPn Oriara doan bidegorria aurreikusten da eta egina badago ere “beste kokapen bat eman diote eta hori zuzentzeko eskatzen diegu beraz” jakinarazi zuen Zaballos alkateak. “A-39 Teresategi Hegoan” zenbaketan ere akats bat dago eta hori zuzentzeko eskatzen diete Udaletik.
Zubietako antolamendu berri honetan ere industria gune bat aurreikusten da eta bertan Michelin 2, Kotxerak eta herriko industriagunea sartu dituzte “eta hori zuzendu eta ordenamendutik atera behako lukete, izan ere Kotxeretan etxebizitzak eraikiko dira” Zaballosen hitzetan.
Bestetik, herriko Udaletik Lasarte-Oria Zubietako gunearekin bat egiteaz gain Atsobakar eta Errekaldeko zonaldeak ere LZP-n barneratzea eskatzen dute “eta horrela plan honen barruan aurkitzen diren herrialdeen artean zonalde hau nola antolatuko den hitzartzea”.
Azken alegazioan LZPn Euskotren Oriara eramateko bideragarritasuna islatzea eskatu dio Lasarte-Oriako Udalak Aldundiari.

Atsobakarreko ardura

Atsobakarreko egoitza 1998an eraiki zen Lasarte-Orian, Udalaren kudeaketapean. Baina 2001etik aurrera, Gizarte Segurantzak hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango zela legeztatu zen.
Harez geroztik, Aldundiak ez du bere gain hartu Atsobakarreko gastua “eta Udalak finantzatzen du bere eskumena ez izan arren” azaldu zuen Zaballosek. Horrek, Lasarte-Oriako Udalari 3.780.532, 57 euroko galera eragin dio.
Gastu hau “Aldundiak finantzatu beharko luke eta ez lasarteoriatarrek” azaldu zuen Zaballosek eta “herriko dirua den heinean herrian geratu beharko litzake eta ez gipuzkoar guztien zerbitzu batean gastatu” gaineratu zuen. Beraz, kargu hartzeaz gain “zorra ordaintzeko eskatzen diogu”.
Krisialdiaren eraginez, egoera jasangarria bilakatu da eta Lasarte-Oriako Udalak behingoz Aldundiari Atsobakarreko ardura hartzeko eskatu dio eskutitz baten bidez “erantzunik jasotzen ez badugu epaitegira jotzea baino ez zaigu geratuko” bukatu zuen herriko alkatea den Jesus Zaballos-ek.