Langabeek beherapenak dituzte Udal zerbitzuetan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 2a

Lasarte-Oriako langabeek %10eko beherapena dute aisiako Udal zerbitzuetan.
2010eko azaroaren 11eko udal batzarrean Udalaren 2011 urteko tasen barruan onartu zen ekimena da hau. Urte hasieran martxan jarri bazen ere, Lasarte-Oriako alkateak Jesus Zaballosek asteartean eman zuen honen berri prentsaurreko batean.

Aisiako zerbitzuak

“Gazte txartelaren ideiari jarraipena emanez, Lasarte-Oriako Udalak krisia pairatzen duten herritarrei aisiako zerbitzuak erabiltzen jarraitzeko aukera eman nahi die,” azaldu zuen alkateak.
Langabezian dauden herritarrek Udal Musika eskolan, Udal euskaltegian, jarduera kulturaletan, kirol zerbitzuetan, Emakumeen Zentro Zibikoan eta Jalgune pertsona desgaituentzako aisiako klubean %10eko beherapena izan ahal dute.

Baldintzak

Beherapena lortzeko baldintzak bi dira, Lasarte-Orian erroldatua egotea eta langabezian egotea.
Gazte txartela egiteko, gazte bulegora joan eta 5 euro ordaindu behar dira txartela lortzeko. “Kasu honetan ez da txartelik egingo, batetik langabezia egoera ez baita behin betikoa eta bestetik, bizi duten egoeran, ez diegulako diru sarrera bat eskatuko,” azaldu zuen Zaballosek.
Horregatik, beherapenaz baliatzeko, INEMen emandako txartela eguneratua edo Lanbiden emandakoa aurkeztu behar dute herritarrek NANarekin batera.
Gauzak honela, alkateak jakin arazi duenez, “urte hasieran jarri zen martxan eta herritar batzuk dagoeneko ekimen honetaz baliatu dira, kiroldegian esate baterako”.
Honen guztiaren berri, “egun hauetan zehar, Lasarte-Oriako etxeetan banatuko diren diptikoetan izango dute herritarrek,” aipatu zuen Zaballos alkateak.