Zozketan sartzen diren Goiegi Ibarreko 75 etxebizitzak eta Zabaleta Berriko 52ak, promozio pribatukoak dira, hau da, eraikuntza enpresek, NASIPA S.L. eta Zabaleta Berri S.L., Etxebideren laguntzaz etxe horien zozketa eta kudeaketa egin beharko lukete. Baina Etxebidek Udalei aukera ematen die enpresekin hitzarmenak egin eta zozketa egiteko eskumena lor dezaten.
Hitzarmen hori asteartean sinatu zuten Lasarte-Oriako alkatea den Jesus Zaballosek eta NASIPAren izenean Ignacio Luis Larrañagak eta Zabaleta Berriren izenean Jose Manuel Amanteguik.
Kupoak eta etxebizitzak
Honela, Udalak herriko Babes Publikoaren Etxebizitzei buruzko legezko araudia jarraituz egingo du zozketa.
Gauzak honela, alkateak azaldu zuenez, Goiegi Ibarreko lehengo zozketan sartu ziren herritarrek izango dute aukera berriro ere.
Kupoei dagokienez, berdin jarraituko dute eta bakoitzari dagozkion etxebizitza kopurua hau da: lehengo kupoan, ezindu fisikoentzat 7 etxebizitza zozketatuko dira, 4 Goiegi Ibarran eta 3 Zabaletan; 2. kupoan, familia ugarienean, 4 etxebizitza zozketatuko dira Goiegin.
3. kupoan 35 urte azpiko herritarrentzat 64 etxebizitza zozketatuko dira bi taldeetan bereiziak. Batetik 1 eta 2 kideko familientzat 53 etxebizitza izango dira, 31 Goiegin eta 22 Zabaletan; eta bestetik 3 edo 4 kidekoek 11 etxe izango dituzte, 7 Goiegin eta 4 zabaletan. “Agindu bezala gazteei aukera eman eta zozketako etxebizitzen %50a haientzat da,” aipatu zuen.
Azkenik 4. kupoan 52 etxe izango dira zozketatuak. Bat edo bi kideko familientzat 27 etxebizitza egongo dira, 15 Goiegin eta 12 Zabaletan eta 3 eta 4 kidekoentzat 25, 14 Goiegin eta 11 Zabaletan.
Zozketa bakarra
Etxebizitza hauen zozketa otsailaren 24an egingo da eta bi txanda egongo dira, bata 11:00etan 35 urte azpiko 1 eta 2 kideko eskaerei zuzendua eta bestea,12:00etan.
Hurrengo egunetan zozketari buruzko bandoak jarriko dira herrian. Era berean, eskaeraren egoera eta zenbakiak kontsultatu ahalko dira internet bidez.
“Hala ere, etxeetara eskutitza bidaliko zaie eta hau gorde behar dute” aipatu zuen alkateak. Izan ere, zoketara pertsona bakarra sartu ahalko da eta eskutitz hori izango da sarrera.
Zozketaren sistema berdina izango da eta urriko zozketaren antzera onuradunen zerrendak jarriko dira kafetegian. Berrikuntza bertan etxebizitzen zerrenda eskuragarri egongo dela da eta bakoitzak dagokion etxebizitzari buruzko informazioa izango duela.
Ostean, enpresek deituko diete onuradunei datuak eskatzeko eta hauek Etxebidera bidaliko dituzte hauek baieztatzeko
Honetaz gain, alkateak jakin arazi zuen, “promozio pribatua denez, zozketako onuradunek etxebizitzaren jabetza osoa izango dute.”
Barkamena eskatu
Goiegi Ibarreko lehenengo promozioko etxeen zozketan “hilabete batean hurrengo zozketa egingo zela esan eta horregatik barkamena eskatu behar dut”. Alkateak azaldu zuenez, Etxebidek etxebizitzen prezioa ezarri behar zuen eta atzerapena horregatik dator.