Marka onak igeriketan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 4a

Pasa den larunbatean, urtarrilaren 29an, Irunen Kutxa sariko kanporaketak ospatu ziren. Bertan Buruntzaldea Igeriketa taldeko alebin eta infantilek jardunaldi bikaina egin zuten, “denek beren markak hobetzea lortu zuten,” adierazi digu Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Kanporaketa

Honetaz gain, horietako sei igerilarik hurrengo igandean Legazpiko igerilekuan ospatuko diren finaletan egoteko aukera lortu zuten.
A finaletarako sailkatu ziren gaztetxoak hauek dira: 50 tximeleta frogan Iñigo Ibarburu egongo da, kanporaketan marka onena egin ostean; Itsaso Tolosa, 50 bizkar frogan lehiatuko da kanporaketako 3. marka onena lortu zuelako; Naiara Lizasok ere 3. marka onena egin zuen, baina 50 libre frogan eta Unai Buenok 50 bizkar frogan, 5. marka egin eta txartela eskuratu zuen.
B finaletan, aldiz, Garazi Alkorta egongo da 50 tximeleta frogan, kanporaketako 9. marka onena egin zuen eta; Ainara Garcia ere 50 bular frogan lehiatukoda, kanporaketako 8. marka onena egin baitzuen.
Seikote honetako lauk, Iñigo Ibarburu, Unai Bueno, Itsaso Tolosa eta Garazi Alkortak gainera, infantil mailako 4x50 m. libre errelebo mistoa osatu eta A finalean lehiatzeko aukera lortu zuten kanporaketako 6. marka onena eginez.
Gauzak honela, entrenatzaileak domina batzuk ekartzeko aukera dutela aipatu digu.

Finaletatik kanpo

Igerilari hauetaz gain, entrenatzailearen hitzetan, “finalean sartu ez baziren ere benetan aipatzekoak izan ziren ere beste igerilariek egindako markak, benetako hobekuntza nabarmena erakutsi baitzuten beren frogetan”. Hauek Mikel Soto 50 bular proban eta 50 metro Libre proban Beñat Alkorta, Maialen Casado, Janire Berasarte eta Jone Vazquez dira.

Neguko Saria

Kutxa Sariko finaletaz gain, Buruntzaldea Igeriketa taldea larunbatean 2. Mailako Gipuzkoako Neguko Sarian lehiatuko da Zarautzen.