Ramon Uribe-Etxeberria hasiera hasieratik eskuratu zuen eliztarren eta eliztarrak ez direnen maitasuna. Bere hurbiltasun, berotasun eta meza emateko modu berezia bere parrokiako zeinu eta ikur bilakatu ziren. Bera ere kontent ibili da herrian, eta horren isla da erretiratu ostean bere jaioterrira bueltatu beharrean Lasarte-Orian geratzeko hartutako erabakia. Berarekin bildu gara bere bizitzari errepaso txiki bat egiteko.
Noiz sartu zinen apaiz?
1942 sartu nintzen Bergarako seminarioan, 14 urte nituela eta 12 urtez egon nintzen bertan. Ondoren Gasteizen zortzi urte egon nintzen eta gero guk inauguratu genuen Donostiako seminarioa. 1954an botoak hartu eta apaiz hasi nintzen.
Nolatan apaiz? Bokazioa?
Gure garaian bokazioa zer zen ez genekien. Eskola 14 urterekin bukatzen zen eta eskola profesionala hartu edo lanean hastea zegoen aukeran. Eskolako garaietan bi lagunekin ibiltzen nintzen, auzokoak eta eurak apaiz joan behar zirela esan zidaten. Herriko apaizari galdetu eta joan ziren, zer zen ere jakin gabe. Nik ere erabaki hori hartu nuen, baina ez zitzaidan aingerurik azaldu. Nik ez nuen ezer espezialik sentitu, nire lagunak joan ziren eta ni ere bai.
Helbururik ba al zenuen?
Helburuak gero etortzen dira, eta nire bizitza osoan nagusiena haurrei benetako mezua helaraztea izan da. Umeak nola hazten dira horrelakoa izango da herria; horregatik hezitzaileek garrantzia handia dute niretzako. Umeei mezu garbia eta baloreak transmititzea izan dut helburu nire bizitzan zehar.
Gauzak erdibanatzen ikasi behar dute umeak, pertsona izateak horretan bait datza. Gizartean bizitzen erakutsi behar zaie, ditugun gauza onak guztiekin partekatzen.
Urte ugari egon zara umeekin, eboluziorik eman al da?
Asko aldatu da gizartea. Egungo umeak jaunartzea egin eta eliza mundua uzten dute. Fedea gutxitu egin da. Egia da fedeari jaten ematen ez bazaio poliki-poliki galtzen joaten dela, eta hori gertatzen ari da. Egungo pentsamoldean momentua bizitzea da nagusi, ondoren hilko garelako. Jaungoikoa eta horren ingurukoei ez zaie garrantzirik ematen. Gurasoek ez dutenez horretan sinesten, umeek ere ez.
Zergatik gertatu da hau?
Kontseilua eman baino lehen kristautasuna oso ezberdina zen, dena sakramentua, aitormena eta konfesioa. Dena bekatua zen, sufrimendua. Nork sinistu behar zuen? Horrela ulertu daiteke fedea galtzea. Berriketarekin kristautasuna ulertzeko beste era iritsi zen.
Kristau izatea Jesusen bidea jarraitzea da, bere sentipenak eduki, bere lana eta bere aukeraketak ulertzea. Eta guzti hori alaitasuna eta zoriontasunarekin sentitzea.
Gaur egun ez dakite zein den Jesus eta ni hori erakusten saiatu naiz umeei.
1954an hartu zenituen botoak, non ibili zara apaiz?
Nire lehenengo apaiz tokia Gatzagan izan nuen eta bertan 15 urte egon nintzen. Irailean iritsi eta abenduan eliza erre zen, garai gogorrak izan ziren. Bertan pasatako urteak eliza konpontzen eta ordaintzen igaro nuen. Ondoren Eibarrera egin nuen, San Jose Obrero auzora. 15 urtez egon nintzen han. Urte politak izan ziren. Garai horretan umeak sei urterekin hasten ziren ikastolan, baina txikienentzako eskola txiki bat ireki genuen eta oso aberasgarria izan zen.
Azkenik Lasarte-Oriara iritsi nintzen, lehenengo egunetatik herriaren parte sentituz.
25 urte pasa dira iritsi zinenetik, nolakoa izan zen hasiera?
Ez nuen Lasarte-Oria ezagutzen, nire arreba bat hemen bizi zen arren. Nire izendapena otsailean izan zen, arraroa, normalean abuztuan edota irailean izaten baitira.
Bartolome Auzmendi zegoen apaiz Zumaburuko elizan nire aurretik eta jendea pozik zegoen berarekin. Baina gotzainak ni jarri ninduen. Arrebak esan zidan jendea ez zegoela oso konforme aldaketarekin, eta nik ulertzen nien. Baina herrira iritsi nintzenean zerbitzura nentorrela esan eta jendeak hasieratik euren berotasuna eta maitasuna eskaini zidan.
Nire etxeko ateak 24 orduz egon dira irekiak beti, nire bizitza laguntzera bideratu dut, gainera guztiei berdina eskainiz.
Esperientzia ona beraz herrian bizi izan duzuna?
Oso ona, harreman onak izan eta ditut herrian. Ume asko ikusi ditut heltzen. Emakumeak elizan ezagutu nituen, eta gizonezkoak tabernan, hasieratik ondo hartu ninduten.
Zurekiko maitasuna argi geratu zen 2004ko omenaldian.
Oraindik ez dut ulertzen zergatik egin zidaten. Ez dut ezer berezirik egin herrian, nire betebeharrak bakarrik. Hasieran omenaldiaren kontua ez zitzaidan gustatu, baina gero elizarentzako ona zela pentsatu eta ondo hartu nuen. Jendearen berotasunak, eta herritarren konformitatea ikusteak, poztu ninduen.
Herriaz maitemindu zara?
Oso gustura nago herrian. Erretiratu nintzenean nire anaiak jaioterrira bueltatzeko gonbitea egin zidan, baina ezetz esan nion, Lasarte-Orian konforme nago. Hemen urte onak pasa ditut, jendearekin harreman bereziak eratu ditut. Kristautasuna maitatzean eta maitatua izatean datza, eta herrian lortu dut. Pozgarria izan da hemen gelditzea.
Loreak ekarri zenituen...
Herrira iristean mezetan lorerik ez zegoela konturatu nintzen eta baratza jartzea erabaki nuen, nik neuk landatuz eta zainduz. Gaur egun ere hor ibiltzen naiz baratzean gora eta behera. Baratzak bizirik mantentzen laguntzen nau. Bertan lasai, libre nago, burua arintzen dit, forman mantentzen naiz... osasun ona eman dit.
Mezak erabat alde batera utzi al dituzu?
Karmengo Kaperan igandero 11:30ean meza ematen dut, baita Zumaburun 19:30ean dagoen meza astean hirutan. Ordezko lanak ere egiten ditut. Aktibo mantendu nahi dut, horregatik parrokiako taldeekin ere lan egiten dut.
Mezak emateko moldea aldatu zenuen...
Sermoiak, bihotzetik ateratzen edo sentitzen nuenaren arabera transmititzen nituen, hurbileko mezak nahi nituen. Hurbileko pertsona naiz eta hori sentiarazi nahi nuen.
Apaiza izan naiz baina laguna ere bai. Herriari entzun behar zaio elkarbizitzarako.