Etorkizuna

taxio-arrizabalaga 2011ko otsailaren 4a

Ez da ohikoa niregan. Gutxitan egin ohi dudan zerbait da, eta, akaso, egia da guztiok gehiagotan egin beharko genukeen ariketa bat dela. Etorkizunera begiratzeaz mintzo naiz, urte mordo bat barru non egongo garen eta zer egingo dugun pentsatzeaz; bizitzari aurre hartzeaz, izan nahi duguna zehazteaz eta horretarako lanari ekiteaz.
Erosoagoa da niretzat orainaz gozatzea ordea. Eta baita etorkizunaz ere, hau orainaldira gerturatuaz doan heinean. Ezinezkoa zait baina azkenaldian. 2057. urtea obsesiboki baitatorkit burura; hirurogeita zazpi urte beteko ditudan urtea, hain zuzen.
Ordurako non egongo naizen, lana non egingo dudan, hilean zenbat kobratuko dudan eta buruan zenbat ile izango ditudan jakin beharrean naizela konturatu naiz. Urteak bizkor pasatzen baitira, eta hemendik gutxirako karrera amaitu, lanpostu finko bat bilatu, pisu bat erosi eta hipoteka bat ordaindu beharko baitut. Eta hau gutxiegi balitz, baita seme-alabak izan eta hauei jaten eman ere, zaharra naizenean norbaitek niri pixoihalak aldatzeko.
Aurretik etorkizun beltz bat dudala ohartu berri nahiz bada; eta krisi ekonomikoa eragin dutenak aberasten jarraitzea ahalbidetu besterik egiten ez duen sistema honen baitan, aukera gehiagoren ezean, erretiroa esperantza bakarra denaren ideia nagusitzen dela. Gero eta lan, diru eta esforzu gehiago kostako zaigun erretiroa, gure eskubideak produktuen gisara salerosiak izatea onartzeagatik galduko duguna. Eta gaztetan Che Guevararen poster baten azpian lo egiten omen zuen baten eskutik gainera. Hau da marka hau…