“Mendian erabat biluzik, edertasunez inguraturik eta zoriontsu bizi naiz”

itxaso-moreno 2011ko otsailaren 4a

Gizakiak badirudi jaio, hazi, ikasketetan murgildu, karrera bat egin, lana aurkitu, etxebizitza erosi... behar duela, patroi batzuk daude eta gehiengoak horren harira bizi dugu gure bizitza. Baina bada guztiarekin apurtu eta libre sentitu nahi duen jendea eta horren adibide Eider Elizegi lasarteoriatarra da. Hasieran patroiak bete bazituen ere, aldaketa baten beharra sentitu zuen. Ikasi zuenarekin lotutako lan fijoa, alokatutako etxea... utzi eta furgoneta bat erosi zuen. Ordutik bidaiatzen ari da, bere pasioaz, mendiaz, disfrutatzen.

Eider Elizegi herritarrak lan fijoa eta alokatutako etxea utzi, furgoneta erosi eta azken hilabeteotan mendiz mendi ibili da naturak eskaintzen dizkigun paraje ederrak ezagutzen. Gainera, “Mi Montaña” liburua argitaratu du Goûterreko aterpetxean pasatako lau hilabeteetako egonaldiko bizipenekin.
Liburu horrek gainera Literatura Desnivel 2010, mendia gustuko duten idazleentzako saria jaso du. Gu Eider Elizagirekin bildu gara, bere bizitza hurbiletik ezagutzeko.

Zergatik Vagamontañas?
Orain daramadan bizimodua dela eta, identifikatuta sentitzen naiz izen honekin. Horrela bizi naiz; mendi batetik bestera aldarrai.

Noiz hasi zinen furgonetarekin leku batetik bestera, bidaiatzen?
Furgoneta duela urte gutxi batzuk erosi nuen, eta hasiera batean asteburuetan eta oporretan bakarrik bizi nintzen bertan. Bana joan den urtean beste mendi batzuk ezagutzeko bidaia bat egin nuen Peru eta Boliviara, horretarako nire lan fijoa eta alokatuta neukan pisua utzi nituen eta furgonetan instalatu nintzen.

Nolakoa da zure egunerokotasuna?
Beti desberdina. Eguraldiaren eta lekuaren arabera erabat aldatzen da. Mendian, eskalatzen, korrika... ibiltzen naiz. Denbora batez lurrarekiko eta naturarekiko oso gertu egon nahi dut, mundu zoragarri honen edertasunaz gozatuz eta gauza txikienez disfrutatuz. Idaztea maite dut, eta nire bizipenak nire blogean islatzen ditut: vagamontanyas.blospot.com. Gainera, bizitza sinple honek beste proiektu batzuk lantzeko denbora bat hartzeko aukera ematen dit, beraz arratsalde eta gau parteak ordenagailuarekin pasatzen ditut.

Nola hartu zenuen Vagamontañas izateko erabakia?
Asko kosta zitzaidan erabakia hartzea. Beldurra ematen zidan. Helburuak argi nituen; mendi ezberdinak ezagutzea, nire beharrak minimora gutxitu eta horrela libreago sentitzea, bizitza ez-egonkorrago batean murgildu eta egunerokotasuna intentsitate gehiagoz bizi, eta bide batez beste proiektu literario batzuk lantzeko denbora hartu.

Noiztik zara mendizale? Noiz sartu zinen mundu honetan?
Nahiko berandu hasi nintzen mendian, hogei bat urte nituela. Txikitan gorroto nituen kirolak, baina anaia korrika ikusi eta inbidia sartu zitzaidan. Probatu eta korrika eginez asko disfrutatzen nuela ohartu nintzen. Eta aldi berean, Pirinioetara joaten hasi nintzen pixkanaka.

Nork sartu zizun zaletasuna?
Zabaleta auzoan, naturan murgilduta hazi nintzen. Noizbehinka familia edo lagunekin mendira irteeraren bat egiten bagenuen ere, ez nintzen bereziki mendizalea. Helduago nintzela hasi nintzen, pixkanaka; bide honetan nire anaiak eta lagun askok laguntzen didate.

Baina, noiz maitemindu zinen mendiaz?
Berehala! Baina zenbat eta gehiago ibili, orduan eta sakonago maitemintzen nau.

Zer da zuretzako mendia?
Ingurune paregabe bat, ibiltzen, eskalatzen, korrika, bizikletan... egoera mental desberdinak eta “ni”aren eta “bestea”ren arteko erlazioa esploratzeko aukera ematen didana. Mendian erabat biluzik, edertasunez inguraturik eta zoriontsu sentitzen naiz.
Eta izaki bizigabe den momentutik, bere estatikotasunak asko irakasten dit. Mendiak, existitzeko, ez du bere buruaren izatearen kontzientziaren beharrik, eta beraz aldaketak patxadaz onartzen ditu, bere burua ez dagoelako bere buruaz daukan kontzeptu baten menpe. Gainera, baretasun berberaz onartzen ditu eguna eta gaua, hotza eta beroa, eguzkia eta ilargia, negua eta udara... Eta bere denbora eta espazio eskala zabalak, gauza guztien erlatibotasuna gogorarazten dit uneoro, orainaldiaz sakonago disfrutatzen erakusten didalarik.

Nola amaitu zenuen Goûterreko aterpetxean?

Biologia ikasi eta doktorego tesia egin nuen. Ondoren irakasle moduan aritu nintzen akademia batean. Garai hartan Mendian esperientzia desberdin baten bila nenbilen; egonaldi estatiko bat bizi nahi nuen mendian, eskalatzen dugunean jasotzen dugunarekiko ikuspuntu desberdina dastatuz. Mendi batera igo eta bertan geratu nahi nuen denbora batez. Lan honek aukera hori eman zidan. Urtebete lehenago bezero bezala egon nintzen bertan bi aldiz, eta Frank, bertako sukaldariaren lagun ona egin nintzen.

Lau hilabetez egon zinen bertan, nola sortzen da bertan bizitako esperientziekin liburu bat idazteko ideia?
Nik betidanik idatzi dut, baina ez nuen inoiz testu luze bat landu. Gorpuzdura handiagoko zerbait idaztea pendiente nuen, ez nintzen gai sentitzen, baina noizbait saiakera hori egin behar nuela banekien. Goûterrera joan aurretik pentsatu nuen istorio honek argumentu egoki bat eskaini ahal izango zidala gero berari buruz idazten saiatzeko.

Zer moduzko esperientzia izan da, bai Goûtorrekoa eta bai liburuarena?
Goûterren bizitzeak momentu hartan neukan amets bat betetzea suposatu zuen. Eta beste bizimodu bat entseatzeko aukera ere izan zen. Oso berezia izan zen han goian hain denbora luzez egotea, hain ingurune basatian, altuera handian, elurrez eta izotzez inguraturik, mundutik at.
Liburua idazteak nire buruarekiko beldur eta traba asko gainditzea suposatu zuen niretzat. Asko kosta zitzaidan baina bukatu nuenean oso pozik eta gustura geratu nintzen. Nire familiaren eta adiskideen laguntzarik gabe ez nukeen sekula bukatuko. Niretzat aurrera pausu handi bat izan zen.

Nolakoa izan zen bertako egonaldia?
Gogorra eta oso neketsua, baina oso zoriontsu izan nintzen bertan. Guardetxe masifikatua da Goûter eta lana etenik gabekoa eta gogorra zen. Asteko zazpi egunetan egiten genuen lana goizeko 8tan hasiz eta gaueko 10 edo 11ak aldean bukatuz.
Goizeko ordubietan jaiki behar izaten genuen gosariak emateko. Gainera, lana bukatzean ezin ginen etxera joan, aterpetxearen espazio txikitik ezin genuen irten eta kanpoan ere oso leku gutxi geneukan ibili ahal izateko, etxea aristatik gertu dagoelako, izozturiko malda haundiko mendi hegal batean.
Lo ere lankide guztiok gela berean egiten genuen, beraz, egun osoan ez geneukan intimitaterik.
Mundutik erabat aldenduta dago Goûter, eta mundutik kanpo bizi ginen han. Gainera, nik hasieran ez nuen frantsesik ulertzen.
Altuera oso nekagarria da bertan denbora luzez egoten zarenean eta ahuldu egiten zaitu. Baina lankideon artean oso giro ona geneukan eta horrek asko laguntzen gintuen, nekearengatik gehiago ezin genuenean. Ingurune zoragarri batetan bizi ginen, 4.000 metrotako munduaren magalean, eta zoriontsu ginen bertan.

Bizipen hauekin “Mi Montaña” liburua publikatu duzu, zer da bertan azaltzen dena?
Orokorrean oso testu subjektiboa da. Zati txiki oso desberdinez osaturiko puzle baten modukoa da; batzuk ingurunea deskribatzen dute, beste batzuk gure bertako bizimodua, mendizaleen istorioak, eta batez ere ingurune bizigabe harren deskribapen ugari ditu. Estilo eta tonu desberdinetan idatziak, beti atzean protagonista moduan Mendia mantentzen saiatzen direlarik.
“Mi Montaña” ez da mendiko muturreko istorio bat, baizik eta edertasunari buruzko testu xume bat. Nik uste dut mundu lehiakor honetan gauza txikiak baloratzen ahaztu egin zaigula, eta Mendi literaturan hutsune bat dagoela poesia eta bizipen txikienen alorrean. Hor kokatuko nuke nik “Mi Montaña” eta horregatik, mendizaleak ez diren irakurleentzat ere interesgarria izan daitekeela iruditzen zait.

Premio Literatura Desnivel 2010 jaso duzu. Zer sentitu zenuen saria irabaztean?
Liburuaren argitaratzea eta liburuaren salmenten onuren aurrerapen bat dira saria. Poz handia eman zidan, niretzat Desnivel-ekin argitaratzea amets bat zen. Lehenago argitaletxe desberdinetara bidali nuen testua eta erantzun onak jaso nituen. Horrek pentsarazi zidan agian ez zegoela nik usten nuen bezain gaizki... baina edonola saria izugarrizko ezustekoa izan zen. Potosin nengoen berria jaso nuenean.

Zer suposatu du zuretzat “Mi Montaña" liburua idazteak?
Lehen esan dudan bezala, lehenik eta behin idazketak berak nire barruko beldur eta muga asko gainditzea suposatu zuen.
Eta argitaratzea beste pausu handi bat izan da: nire lana publikoa egitea, biluztasunerantz aurrera pausu bat ematea, eta oraingoz jaso dudan erantzun onari esker, beste proiektu berrietarako energia inpultso bat eta kontaktu interesgarriak jasotzea. Bestalde, sariari esker hilabete batzuk soldata bat lortzeko lan bati lotu gabe bizitzea posible egin dit.

Momentu hauetan proiekturik ba al daukazu martxan?
Proiektu ugari dauzkat esku artean, bat besteengandik oso desberdinak direnak eta ilusioz betetzen nautenak. Gainera, orain nire ahizpa eta koinatuarekin elkarlanean ari naiz ideia pare batetan, eta horrek indar handiak ematen dizkit, nire burutazioa garatzeko indar gehiena ematen didatenak beraiek direlako.

Egindako bidaietan konpainiarik izan al duzu?
Nik ez dut orain arte gehiegi bidaiatu. Goûterrera joan nintzenean Frank, sukaldaria ezagutzen nuen, eta Goûterreko proiektua bion artean bilakatu genuen erreal. Aurten Andeetara joan naizenean Jordi Rovirarekin joan naiz kordada osatuaz.
Hau ere bion arteko proiektua izan da. Jordi oso alpinista ona da eta mendiko bide-erakusle izateko prestatzen ari da. Horregatik, berak nik bakarrik igo ezin nituen mendiak igotzen lagundu zidan, eta nik berak bakarrik idatzi ezin zituen hitzekin azaldu nituen Mendiak nire blogean; vagamontanyas. blogspot.com. Gero lau hilabete ondoren Jordi etxera itzuli zenean, ni bi hilabetez bakarrik ibili nintzen Bolivian zehar bidaiatzen. Nik maite dut bakarrik bidaiatzea, horrela tokian tokiko jendearekin hitz egitea eta beraiengatik ikastea errazago delako.

Konpainia falta izaten al da?
Nik ez dut falta hori sentitu. Bidaiatzen zabiltzanean bidaia bera oso lotua, absorbentea, eta liluragarria da. Nahiko bakartia naiz ni, eta gainera gaur egungo teknologiekin, urruti egon arren, erraza da familiakoen eta lagunengandik gertu sentitzea.

Furgoneta utzi eta bizitza “arruntera” bueltatzeko intentziorik ba al daukazu?
Beno... zergatik ez? Momentuz ez dut uste, baina ez dut aukerarik baztertzen. Orain horrela bizi nahi dut, eta horretan nabil. Agian beste momentu batean beste zerbait ikasi eta bizi nahiko dut eta horretarako beste modu batean antolatuko dut nire bizimodua... Ez zaizkit betirako erabakiak gustatzen. Momentu bakoitzean, proiektu eta egoera bakoitzera egokitzen saiatzen naiz.

Non ibili zara?
Ni Pirinioetan ibili naiz urte askoz astebururo eta opor guztietan. Andeetan pare bat aldiz, Goûterren 4 hilabetez. Aurten Peru eta Bolivian eta herrialde guztian zehar ibili nintzen. Orain furgonetarekin Espainian zehar nabil. Ia leku guztiak gelditzen zaizkit bisitatzeko, beraz! Agian Maroko aldera joango naiz urte honen bukaeran, eta... ez dakit noiz baina, ekialderantz ere bai.

Inbidia emateko,... nora zoaz orain?
Nik oso gutxi bidaiatu dut! Eta gainera ez daukat inbidia emateko intentziorik. Norberaren esperientziak norberaren aukeren baitan daude, eta norberak bizipen bakoitzetik behar dituenak ikasten ditu. Ez dut uste zoriontsu izateko urrutira bidaiatzea beharrezko denik.