Ulertzen dut bai, gure herria behar bezala mantentzeko obrak beharrezkoak direla eta herritarrok, hauek, pazientziarekin jasan behar ditugula gure eguneroko bizitzan. Kale Nagusiko obrak direla eta, oraingoan alde bateko espaloia itxi digute (metro bateko bidetxo horri espaloia deitzea gehiegikeria iruditzen bazait ere). Dagoeneko, aspaldidanik daukagu Brigidaren atzeko ibai bide aukera itxita. Nahi ala ez, eliza aldeko espaloitik pasa behar dugu beraz, Nagusia kalea zeharkatu nahi dugunok. Gutako askok, egunean makina bat bider zeharkatzen dugu inbutu hau. Oinezkoak, gurpil aulkiak, patineteak, bizikletak, bastoiak; ikastolara joateko, topoa hartzeko… Benetan deserosoa. (Espaloian oinezkoentzako semaforo bat jarriko balute sikiera!) Agian, arduradunaren ezkutuko helburua, herritar guztiok dietan jartzea da. Denok flakatu ezkero, espaloitik binaka pasa beharrean, hirunaka pasatzea ahal izango genuke. Txantxak alde batera utzita, oztopo honetatik egunero pasa behar dugunentzako, errespetu falta dela uste dut. Oraingoan ere kotxeentzako errepidea nagusi, eta hau gutxi balitz, semaforoak ere gehienetan euren alde. Ez al zen hobe kotxeentzako karril bat istea? Edo bestela, hartu dezagun denok hiri-busa Lasarteko kale Nagusia zeharkatu ahal izateko.
Leticia Villalobos