Goiztiarrenak Landaberri-Garaikoetxea ikastolako haurrak izan ziren.
Goizean, kaleko herritarrak eta Landaberri DBHko gaztetxoak alaitu zituzten haien eskearekin.
Baina arratsaldea izan zen talde gehienek aukeratutako momentua.
Batzuk herrian, besteak baserrietan Santa Agedaren ohorezko doinuak nonahi entzun ahal izan ziren.
Kantu eta kopla ugari
Erketz Dantza taldeko lagunek ohitura legez, entsegu lokaletik atera, erdialdeko kaleetan kantu batzuk egin eta inguruetako baserrietara joan ziren eskea egitera.
Zabaleta auzoko lagunak ere, auzoko plazan hasi eta Hernani alderako baserrietan egon ziren kantuan.
Amalur trikiti eta pandero eskolako haurrak eta haien gurasoek ere erdialdeko kaleetan barrena ibili ziren koplaka.
Azkenik, Xumela korua, Bertso eskola eta Udal Musika eskolako trikitilariak herrian barrena ibili ziren. Koruaren kantu eta bertsolarien koplek herritarrak ederki alaitu zituzten. Talde honek gainera, Ama Brigitarren komentuko mojei bisita egin zien.
Eta kantuen ostean, indarrak berreskuratzeko. gehienek bapo afaldu zuten herri inguruko sagardotegietan.