Antonio Eleizegik Saltzate baserriaren inguruan udan sumatu zituen arren, ez dago horren kezkatuta, momentuz beste eraso batzuei aurre egin behar izaten die eta. Barroa, Asiako erleen berezko akaro edo xomorroa, duela hogei urte baino gehiago iritsi zen Euskal Herrira eta tratamendu berezi bat eskatzen du. Eta batez ere sagarren harraren aurka erabiltzen diren intsektiziden erabilera salatu du: Intsektizidak ekainean botatzen dituzte, erle gehien dagoenean, eta egun batean bi mila erleko galera ere izan du. Konponbideren bat eskatzen ari da.
Nazioarte mailako kexa
Antonio Eleizegik salaketa egin eta egun batzuetara Berria egunkariak "Pestiziden ziztada" erreportajea argitaratu zuen nekazal lurrak fumigatzeko erabiltzen diren hainbat produktu debekatzeko nazioarte mailan egin den eskaerari buruz. AEB eta Europako Batasunako agintariei egingo die eskaera Avaaz.org erakundeak jokabide horrek ustez erleen heriotza eragiten duelako. Erakunde honek uste du pestizidak direla azken hamar urteotan gertatu den milaka erleen heriotzaren arrazoia.
Julian Urkiola Gipuzkoako erlezainek lehendakariak erleen osasunean eragina duten hainbat faktore aipatu ditu, Asiako liztorrak, pestizidak, gaixotasun eta birusak, klima aldaketa edota transgenikoen erabilera. Bere ustez gaur egun polenaren kalitatea ez da orain dela urte batzuetakoa bezain ona eta bestalde, pestiziden erabilera mugatu eta ingurumena zaintzen duten lan moduak zabaldu behar dira naturan hain garrantzitsuak diren erleak bizi daitezen.
Kabia Lasarte-Orian
Julian Urkiola berak eman digu Asiako liztorren berri. Berak jaitsi zuen Donostiako suhiltzaileen laguntzarekin Lasarte-Orian aurkitu duten liztorren kabi erraldoia. "Liztorra, hiru bat zentimetrokoa da, eta erreginek lauzpabost zentimetro dituzte. Zomorro handia da. Akitaniatik dator. Han duela bost urte detektatu zutela esaten dute eta jada Akitania osoa hartu du, ipar Euskal Herria ere bai. Asiatik etorri zen ontziren batetik zabaldu dela uste da". Adurizko tuneletik gertu urtarrilaren 15ean jaso zuten habia handia zen, 1,65 metroko diametroa zuen eta hutsik bazegoen ere 1.500-4.000 liztor inguruk erabili zutela uste dute.
Urkiolaren ustez, liztorrak ez du momentuz ezti produkzioan eragin zuzenik. Naturan orain arteko oreka mantentzen bada ez da arazorik izango, baina ez daki egiazki zenbat zabaldu den. "Zifra bat ematea zaila da, gehitzen joaten bada, ugaritzen bada, izango da arriskutsua". Dena den, ez dago lasai: "Gainera badirudi, liztorrak toki menditsua eta hezetasuna dituela gustuko, eta hemen horietatik dena daukagu".
Urkiolak jakinarazi digunez, liztor honek jan egiten du erlea. "Frutak ere jaten ditu, baina umearekin dagoenean eta asko behar duenean erleak jaten hasten da.
Ugaritzeko arrisku hori dela eta neurriak ere eskatzen ditu Julian Urkiolak: "Habi asko aurkitu ditugu, batean eta bestean, azkena Lasarte-Orian bertan. Erlezainentzat kaltea izango da eta Aldundiarekin hitz-egin behar dugu zer neurri hartu daitezkeen aztertzeko".
Momentuz tranpak jartzen ari direla jakinarazi digu, "baina hauek ez dira selektiboak eta denetik sartzen da, eulia, liztorra,... Zerbait zehatzagoa nahi genuke. Agian feromonaren bat aurkitzea da bidea, liztor horiek biltzeko eta ez besteak. Akitanian bide horretatik abiatu dira".
2010a ez da oso ezti urte ona izan. Urkiolak esan digunez, “loreak ez du eman beste urtetan adina udaberrian hezetasun handia eta gero lehor izan zelako. Hasi den urte hau izan dadila hobea. Hori eskatzen dugu".
Lanbidea utzi dutenak
Herriko erlezale batzuek utzi egin dute azken urteotan, esaterako Xabier Goizueta eta Antonio Olaskoaga, batetik, erleek lan asko eta ardura handia eskatzen dutelako, beti erlen "gainean" egon behar da, eta bestetik ezti ekoizpena gora behera handikoa izaten delako eta azken urteak ez direlako oso onak izan. Olaskoaga urte batzuetan ekoitzitako guztia saldu ezinik ibiltzen zen eta azken urteotan, aldiz, ez omen zuten asko biltzen.
Antonio Olaskoagak 55 urte eman zituen erlezain duela hiruzpalau urte utzi zuen arte. Bere ustez lehen ezti gehiago eta hobea zen: "Oso gazterik hasi nintzen ni eta orain baino ezti gehiago egiten zuten erleek pinurik ez zen garai haietan. Haritza, gaztaina,... asko zen orduan". 18 urterekin hasi eta 55 urte eman zituen erleak zaintzen: 30 bat erlauntza izaten zituen eta "hori urtearen araberakoa da", baina urte on batean gogoan du kaxa bakoitzeko 40 bat kilo hartu zituztela.
Arazo desberdinak
Gogoratzen du gaitzei aurre egin behar izaten ziela ere. Jakin du Asiako liztorrak aurkitu dituztela eta lehen barroarekin edo beste xomorroekin egin den bezala ezabatu beharra dagoela dio. Olaskoagak egun ez du etxerako eztirik ere hartzen. "Azkenengoa beti indartsu egoten zen, baina duela hiru bat urte, egun batetik bestera ia batere gabe geratu zen eta akabo". Orduan antenak jarri zituzten eta horregatik izango ote zen pentsatu zuen, baina orain uste du erleek eztarriko gaitzen bat izan zutela.
Xabier Goizueta Lasarte-Oriako beste erlezaleak hamar urte eman zituen horretan baina aspertu egin zen. "Nekatu egin nintzen. Eztia gutxitu egin zen, lan handia zen erleak ondo zaintzeko". Zazpi bat kaxa izan zituen etxerako eztia ekoizteko.
Goizuetak ere gogoan ditu, erleak galtzen zituzten akaro, zorri eta xomorroak, "lepo atzealdean jarri eta odola zupatzen zion erleari. Kumeak hil egiten zituen". Asiako liztorrari aurre egiteko gai izango direla uste du: "Nik ez dut uste arriskurik izango denik, erleak dauzkanak, elkarteak eta diputazioak menperatzeko adinako tresnak izango al dituzte, pentsatzen dut".