Lasarte-Oriako Udalak eta Berpiztu elkarteak egindako hitzarmenaren ondorioz, gaur elikagai banaketa puntu bat irekiko da gure herrian.
Datuak eta krisia
Gizarte Zerbitzuetako datuen arabera, egun 200 bat familia daude Udalak Gurutze Gorriarekin batera egiten duen elikagai banaketaren onuradun direnak.
Baina Lourdez Acevedok saileko lehendakariak azpimarratzen duen bezala, “egungo krisi egoeran, herritar gehiago izan daiteke etxera janaririk eraman ezin duena.”
Gizarte Zerbitzuetara jo
Horregatik, egoera horretan dauden herritarrei Gizarte Zerbitzuera, Villa Mirentxura hurbiltzeko gomendioa egiten die.
Gizarte Zerbitzuek familia egoeraren azterketa egin eta horren arabera laguntzaren onuradun izan daitezkeen erabakiko dute.
Horrela bada, familiaren beharren araberako txartel bat emango zaiei eta herriko elikagai banaketa puntura bideratuko dituzte.
Banaketa puntua
Berpiztu elkarteko arduradunek azaldu digutenez, banaketa puntua astelehenero egongo da irekia 16:30etatik 18:30etara.
Bertan, herriko 8 pertsona egongo dira boluntario moduan lanean.
Elikagai puntuan banatuko diren janariak “freskoak eta iraunkorrak izango dira, beraz denetarik egongo da, baina gure hornitzaileek bidaltzen digutenaren arabera izango da hori”.
Horregatik, janari bankuak edo enpresekin hitzartuak dituzten janariak egongo direla azaltzen digute eta “merkatalgune eta baserritarrekin harremanetan jarriko gara ere haien ekoizpenaren soberakinak puntu honetan banatu ahal izateko”.
Honetaz gain, gauza bat garbi utzi nahi izan dute, “kudeaketa garbia izan dadin, Gizarte Zerbitzuetako txartelarekin datozenei bakarrik banatuko zaie janaria.”
Beste elikagai banaketak
Era berean, Gizarte Zerbitzuetako lehendakariak Lourdes Acevedok jakin arazi duenez, Udalak eta Gurutze Gorriak urtean bitan egiten duten banaketa mantenduko da eta honetaz gain, Caritasek arlo honetan ere egiten duen lana gogoratu du.