PSEk bat egin du N1a estaltzeko ezker abertzalearen aspaldiko eskaerarekin

jon-altuna 2011ko otsailaren 7a

Ezker abertzaleak oso ondo ikusi du Jesus Maria Zaballos alkateak N1 errepidea Lasarte-Orian lur-azpian sartzeko egin duen proposamena, hain juxtu, aspalditik behin eta berriro Udalean eskatu duena baita, baina Zaballos alkatearen jokabidea kritikatu du, batetik horren berri prentsa bidez jakin dutelako, Udal batzordeetan gaiaz hitz egin edota eztabaidatu gabe, eta bestalde, Zaballosek eskaera egiteko hitzez hitz ezker abertzalearen argudio eta arrazoi berberak erabiltzen dituen arren ez duelako hauen aipamenik egin.

Lasarte-Oriako ezker abertzaleko ordezkariek euren sorpresa adierazi dute Donostiako PTP lurralde planari PSEk egin dizkion alegazioetako batean euren argumentu berberak erabili dituelako, ezer jakinarazi gabe gainera. Emendakin edo zuzenketa horretan, N1 lur-azpian sartzeko eskaera egin du PSEk eta aipatutako arrazoiak, herria bitan zatitzen duela eta sortzen dituen zarata arazoak edota herriari ekarriko dizkion onurak, gune berde gehiago eta herria berrantolatzeko aukera, hain juxtu azken urteotan ezker abertzaleak behin eta berriz egindako berberak dira.
Joxe Goikoetxea eta Txanpi Baztarrikak hori kritikatu dute, oraindik hirigintza batzordean aipatu ere egin gabe bota duela Zaballosek eskaera eta eurei baino lehen prentsari jakinarazi diola: "Eta ez da kasu bakarra, beste egitasmo batzuekin ere berdina gertatzen ari da, lentejak ondo prestatuta daudenean ekartzen dituzte jateko, jan edo utzi, baina ez dago prestaketan parte hartzeko inolako aukerarik. Prentsa bidez jakiten ditugu gainera, batzordetik pasa aurretik. Ez dugu gaizki ikusten PTParen zuzenketak eskatzea, baina prentsari jakinarazi baino lehenago batzordean aipatzea bota dugu faltan. Batzordean eztabaidatu eta hortik aurrera egin dezala nahi duena".

2003tik eskatzen

2002-2003ko arau subsidiarioen eztabaidan egin zuen jada proposamen hau ezker abertzaleak, 2008ko udal aurrekontuen eztabaidan ere bai eta duela oso gutxi 2010eko irailean, zarataren aurkako panelen gaia jorratu zen udal batzar batean berriro planteatu zuten. Dena den, orain arte, PSOEko ordezkariek ezezko borobila eman diote proposamenari.
2008ko udal aurrekontuaren zuzenketa eskaera batean, berriro proposatu zuen ezker abertzaleak, N1 errepidea lurperatzeko aukerak ikusteko azterketa tekniko sakon bat egiteko beste administrazioekin batera, Diputazio, Eusko Jaurlaritza eta Administrazio zentralarekin. “Lortutako lurrak gune berde eta aparkalekuak sortzeko erabiltzeko aukera ere aztertu behar litzateke" zioten orduan, Lasarte-Oriako bizi kalitatea asko hobetuko zela eta hainbat arazo, zaratarena esaterako, konponduko liratekeela aipatuz. Gauza bera proposatzen zen trenbidearekin, lur-azpian sartzea helburu berberak lortzeko. Soilik ezker abertzaleko hiru ordezkariek eman zuten proposamenaren aldeko botua eta PSE-PSOE, EB eta PPko ordezkariek aurkakoa.
Ezker abertzaleko ordezkariek 2008ko aurrekontuak eztabaidatu ziren batzarreko aktan jasotakoa, orduan Joxe Goikoetxeak adierazi zuena eta Ana Urchueguiak erantzun ziona, gogoratu dute.
Joxe Goikoetxeak arazoari heldu behar zaiola, premiazko gaia dela eta irtenbide bat bilatzeko beste erakundeekin hitz egin behar dela adierazi zuen. Ana Urchueguiari, aldiz, "obra faraonikoa" iruditu zitzaion, ikerketa egitea Foru Aldundiari dagokiola eta ez dagoela egitasmo hori gauzatzeko aukerarik.
2010eko irailean berriro atera zuten gaia mahai gainera, zaratari aurre egiteko panelen gaia jorratzen ari zirela. Txanpi Baztarrikak proposatu zuen berriro N1a lur-azpian sartzeko aukera, Irunen trenbidea estaltzeak ekarri dituen onurengatik bertako alkate Santano oso pozik dagoela aipatuz.
Hainbat gauza planteatu zituen, besteak beste, errepideak lasarteoriatarrei eragiten dizkien arazoak, aldaketak ekarriko lituzkeen abantailak eta gaur egungo teknologiari esker era honetako hainbat egitasmo martxan direla. Baztarrikak adierazi zuen, zailtasunak zailtasun aukera ona zela.

Argudio berberak

Orain ezker abertzaleko ordezkariek harriduraz ikusi dute Jesus Maria Zaballos alkateak bat egin duela proposamenarekin. Hain juxtu "guk erabilitako argudio berdin berdin berdinak, Irungo kasua, gune berdeak,... erabili dituzte beraiek alegazioa sartzeko. Ez dute ezer aldatu" adierazi dute Txanpi Baztarrika eta Joxe Goikoetxeak.
Ezker abertzaleko ordezkariak pozik dira Zaballos alkateak hartutako bidearekin, baina harrituta ere bai urteetan ezezko borobila entzun ondoren eta orain jarreraz aldatu dutenean faltan bota dute aipamenen bat behintzat.
Baztarrikak gogoratu zuen, Lasarte-Oria dela Euskal Herrian biztanle dentsitate handienetarikoa duen herria eta beharrezko duela aldaketa.