07_Janari banaketa puntua irekiko da gaur

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 7a

Egoera txarra bizi duten herritarrek badute beste euskarri bat egoera xamurtu eta etxera janaria emateko.
Lasarte-Oriako Udalak eta Berpiztu elkarteak egindako hitzarmenaren ondorioz, gaur elikagai banaketa puntu bat irekiko da gure herrian.

Gizarte Zerbitzuetara jo

Horregatik, egoera horretan dauden herritarrei Gizarte Zerbitzuera, Villa Mirentxura hurbiltzeko gomendioa egiten die.
Gizarte Zerbitzuek familia egoeraren azterketa egin eta horren arabera laguntzaren onuradun izan daitezkeen erabakiko dute.
Horrela bada, familiaren beharren araberako txartel bat emango zaiei eta herriko elikagai banaketa puntura bideratuko dituzte.

Banaketa puntua

Berpiztu elkarteko arduradunek azaldu digutenez, banaketa puntua astelehenero egongo da irekia 16:30etatik 18:30etara.
Bertan, herriko 8 pertsona egongo dira boluntario moduan lanean.
Elikagai puntuan banatuko diren janariak “freskoak eta iraunkorrak izango dira, beraz denetarik egongo da, baina gure hornitzaileek bidaltzen digutenaren arabera izango da hori”.
Horregatik, janari bankuak edo enpresekin hitzartuak dituzten janariak egongo direla azaltzen digute eta “merkatalgune eta baserritarrekin harremanetan jarriko gara ere haien ekoizpenaren soberakinak puntu honetan banatu ahal izateko”.
Honetaz gain, gauza bat garbi utzi nahi izan dute, “kudeaketa garbia izan dadin, Gizarte Zerbitzuetako txartelarekin datozenei bakarrik banatuko zaie janaria.”