Carrasco eta Gonzalezek irabazi zuten eremuko ehiza txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 10a

Azkorteko ermita ondoan dauden Benedika eta Buruntza belardietan, urtarrilaren 29an, larunbatean, 2. Eremuko senior, beterano eta jubenil mailako XXXI. Ehiza txikia txakurrarekin txapelketa burutu zen.
Astigarragako Gure Izarra, Andoaingo Ontza, Urnieta Santa Krutz, Hernaniko Txantxangorri eta Lasarte-Oriako Buruntz-Azpi ehiza elkarteetako hogeiren bat ehiztarik parte hartu zuten lehiaketan.
Herriko Buruntz-Azpi elkarteko ehiztariek lan ona egin zuten beterano eta jubenil mailako txapelak eskuratu eta Gipuzkoako txapelketarako txartela lortu dute hiru ehiztarik, Jesus Ferreirak, Antonio Carrascok eta Ioritz Gonzalezek.

Irabazleak

Andoaingo Ontza elkarteko Francisco Llamasek lortu zuen senior mailako txapela. Honek lau eper eta bi faisai ehizatu zituen garaipena eskuratzeko.
Bigarren postuan, lau eper eta faisai batekin Hernaniko Txantxangorri elkarteko Iñaki Esnal izan zen eta Jesus Ferreira herritarrak lortu zuen podiumeko azken postua, bi eper eta bi faisai botata.
Beterano eta jubenil mailetan aldiz, Lasarte-Oriako Buruntz-Azpi elkarteko bi kidek, Antonio Carrasco eta Ioritz Gonzalezek, hurrenez hurren, jantzi zuten txapela.

Arrantzako lizentzia

Era berean, Buruntz-Azpi elkarteak jakin arazten du, arrantzako lizentzia eskatu edo berritzeko epea ireki dela.
Bazkideek edo herritarrek federatzeko tramiteak egin edo informazioa eskuratzeko asteazkenetan edo ostegunetan, 20:00etatik 21:00etara, elkartera hurbildu edo 687 828 305, Txelui, telefono zenbakira deitu dezakete.