Ekitaldiz betetako 25. urteurrena antolatuko du Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 11

Otsailaren 15ean, 25 urte izango dira Lasarte-Oriako udalerria sortu zenetik. Urteurren hau ospatzeko, Lasarte-Oriako Udalak otsailaren 14tik 20ra egitarau berezia prestatu du.
25. urteurren honetako egitarauaren aurkezpena Jesus Zaballos alkateak, Marisa Zubiri Jaietako batzordeko lehendakariak eta Xabier Goitia Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzaileak egin zuten atzo.

Egitaraua

“Lasarte-Oria herri gazteenetarikoa da eta herritarrek sortutakoa. Horregatik, urteurrenean herria egin duten jendeak parte hartzea nahi izan dugu,” azaldu zuen alkateak.
Izan ere, alkatearentzat garrantzitsuena “herritarrek Lasarte-Oriakoak direla sentitzea lortu dugula” da.
Gauzak honela, “herriko elkarteen laguntzaz, aste osoko egitaraua eta ekitaldiz betetakoa dugu” adierazi zuen. Ekitaldi instituzionalak, Oria auzoko argazki erakusketa, liburu desberdinen aurkezpenak, herriko taldeen emanaldiak, kirol ekintzak, hitzaldiak, gazteentzako ekitaldiak, haurrentzako jolasak, etab. osatzen dute 25. urteurreneko egitaraua.
“20. urteurrenean, 51.000 eutaroko aurrekontua izan zen eta oraingoan, 20.700 eurotara murriztu dugu,” jakinarazi zuen Jesus Zaballos alkateak.

Gonbidapenak

Ekitaldiei dagokionez, astelehenean Kukukak eskainiko duen emanaldirako eta larunbateko Erketz, Zero Sette akordeoi orkestra, Alboka Abesbatzak, Semblante Andaluz eta Amaia Gonzalezek eskainiko duten emanaldirako gonbidapenak egongo direla jakinarazi zuen Xabier Goitiak.
Hauek dagoeneko Manuel Lekuona kultur etxeko harreran eskuratu daitezke.

Aldizkaria

Egitarau honetaz gain, Lasarte-Oriako Udalak aldizkari bat egin du “herritarrek urte hauetan herriak izan dituen aldaketak eta garapena ikus dezaten”.
“Herriko eremu desberdinen iragana eta oraina ikusi daiteke argazkietan, adibidez, Villa Mirentxuko eremua edo osasun zentroaren lekualdatzeak,” aipatu zuen Zaballos alkateak eta argazkiak Udaleko artxibokoak eta Txema Vallesenak direla ere azpimarratu zuen.
Alkateak jakinarazi zuenez, aldizkaria egun hauetan etxeetan banatuko da eta bertan, atzeko aldean, “25. urteurreneko egitaraua izango dute herritarrek”.
Honen harira, egitarauan akats bat dagoela ohartarazi zuen Xabier Goitiak,” Sorgin dantza igandean arratsaldeko 16:00etan aterako da Zumaburuko eliza ondotik”.

Urtero ospatu

Era berean, Jesus Zaballos alkateak gogoratu zuen Gazteria sailak egindako Gazte ideiak lehiaketako irabazle izan zen Sandra Izagirreren ideia, herriaren urteurrena urtero ospatzea izan zela eta urteurrenaren ostean, urtero otsailaren 15ean, ekitaldiren bat egiteko asmoa agertu zuen.