Txapela berriz janzten saiatuko da Unai Muñoa Beterrin. 2008 eta 2010ean ere txapeldun izan zen. Ander Lizarralde taldekideak 2009 eta 2010ean jantzi du.
Beterri txapelketako finalean zaudete berriro, gogoz finalerako?
Bai, gainera txapelketa polita da guretzako.Hirugarren aldiz parte hartzen dut,.. eta hirugarren aldiz naiz finalean. Beste bietan txapela eskuratu nuen gainera. Lehenengoan, 2008an, Iker Zubeldia eta Nahikari Gabilondorekin kantatu nuen eta iaz Iñaki Apalategi eta Ander Lizarralderekin. Aurten Ander eta biok errepikatzen dugu eta Apalategiren ordez, Jokin Labaienek kantatuko du.
Nolako saioak izaten dira? Txapelketa berezia da ezta?
Txapelketa hitza soberan daukan txapelketa da Beterri, badauka epaia baina tentsioa eta ezaugarriak ez dira txapelketa batenak. Hori oso ondo hausten du hasierako agurrak, puntuagarria da, etxetik prestatuta eramaten dugu; horrek behartzen gaitu saioa baino lehen taldekideak elkartzera, eta umore klabean agur bat prestatzera, eta horrek gure artean sortzen duen konplizitatea eta giroa ona da. Gure ohitura izan da agur barregarriak sortzea, gure buruari parra egitea. Kanporaketa saioan adibidez kantu txapelketa moduko bat egin genuen, Eganeko Zaldias, Kupelako Larrañaga, Manolo Escobar eta Joaquin Sabina imitatuz, eta tonu horretan hasitako txapelketak gerora ere bide hori dauka.
Antzerkitik ere badu beraz?
Bai, gu, Ander eta biok, konbentzituta gaude, gure arrakasta txapelketa horretan agurrak izan direla. Gero saioaren barruan dauden ariketetan denetarik dago, umore gehiago edo gutxiago, eta lan serioak, baina agurrak aukera ematen du lotsa guztiak galdu eta tontakeriak egiteko.
Txoroarena egiteko,... zer moduzko taldea osatzen duzue?
Ander eta nik zentzu horretan konplizitate handia daukagu, agian bestela ere harreman pertsonal estua daukagulako eta bestalde iaz ere elkarrekin hori esperimentatu genuelako... eta aurten Jokin Labaien, pixka bat lotsatiago, baina jarrera onarekin, oso positibo bera ere, talde ederra da. Oso ondo pasatzen dugu, aste honetan bi egunetan elkartu gara agurra prestatzeko.
Hala ere final gogorra daukazue, aurrean Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita edukita? Nola ikusten duzu?
Ondo. Beraiek daukaten bezain zaila daukagu guk finala. Neska eta mutilen arteko joko hori, hor dago, ez dakit zenbaterainoko pisua izango duen baina... Uxue eta Ainhoa oso lagunak ditut gainera.
Lagunarteko saioa izango dela aurre ikusten da. Orain kostako zaigu txapela lortzen, nik uste agurrean izango dela gakoa.
Taldekako txapelketa asko ez da egoten, nola ikusten dituzu?
Orain dela urte batzuek Gipuzkoako herrien arteko txapelketan egin zen esperimentu bat, nik uste, taldeak asko laguntzen du nork berarengandik karga kentzeko eta bertsolaritza beste era batera ulertzeko ere bai. taldean beste elkar ulertze bat izaten da, beste konfiantza bat. Taldekako formula polita da, gehienbat txapelketa honetan txapelketa hitzari karga guztia kendu eta beste zerbaitetan bihurtzen duelako.
Aurten gainera mutil eta nesken arteko lehia bultzatu dute, finalerdi batean sei mutil bestean sei neska eta finalean hiru mutil hiru neskaren aurka. Zer nolako jokoa eman du?
Ona. Antolatzaileek helburua garbia da, saioa erakargarria izatea eta gu, kantatzen dugunak, eroso sentitzea. Askotan taldeak egiterakoan erabilitako irizpideak izan daitezke adina, elkar ulertzea eta eman dezaketen jokoa. Nesken artean, “vieja guardia” Uxue Ainhoa eta Onintza, eta besteak, Jone Uria, Miren Amuritza eta Alaia Martin, gazteagoak.
Azken hauek kanpoan gelditu dira, Jon Martin, Gurrutxaga eta Eizagirre ere bai, maila handiko bertsolari gazteak...
Seguru aski, Gipuzkoako txapelketa balitz, gauzak ez lirateke hemen gertatu diren bezala gertatuko. Bakarkako saio batean Jon Martin edo besteak atzean uztea ez da broma.
Amaia Agirre gai jartzen arituko da, badauka zerbait berezia berak ezta?
Bai, fundamentu handiko neska da, zerbait antolatzen duenean, edo zerbaitetan hasten denean ondo egitea gustatzen zaio, eta normalean asmatzen du. Kontutan hartzen du bertsolaria eroso sentitzea, badakielako hortik abiatuta aterako dela zerbait ona ala ez.
Umorea gailentzen da txapelketan?
Bai, baina badaude gai serioak ere tarteka. Bakarka kantatzen da, zortziko handian ere bai, baina ariketa jostagarriak eta bereziak ere egiten dira: Habanera lerroka, segidilla, elkarri ezpainak irakurri,...
Aurten Gipuzkoako txapelketaren urtea da, nola ikusten duzu zure burua? zein asmorekin parte hartuko duzu?
Gogoa daukat, nire buruari demostratu nahi diot, denbora pasa dela, azkenengo txapelketatik lau urte pasa direla, eta horrek nigan eragina izan duela. Egia da ez dudala sentitzen 18 urterekin txapelketan kantatzeko sentitzen nuen entusiasmoa, baina badaukat gogoa. Gainera aurten Bertso Eskolan Karlos Aizpurua eta Andoni Egañarekin saio berezi batzuek antolatzea ekarri du, eta horrek prestakuntza giro batean sartzen gaitu, geure burua gehiago estutzeko. Ni ondo ikusten naiz, gogoz, niretik egiteko.
Bertso Eskolak ikastaroa antolatzea zer iruditu zaizu?
Oso ondo. Orain dela hamar urte esango baligute Hernaniko Bertso Eskolatik Lasarteko Bertso Eskolara etorriko zirela astero, seguru aski parra egingo ziguten, hori Sagardotegira Irunera joango garela esatea bezalakoa da. Ondo funtzionatzen ari da, gure arteko balorazioak oso positiboak dira.
Saiatuko zara Euskal Herriko txapelketarako txartela lortzen berriro,...
Bai helburua hori da, ez dakit zenbateraino gehiago egin dezakedan, baina orain dela lau urte Euskal Herrikora sailkatu nintzen eta listoia mantentze. Hortik zerbait gehiago egin banezake, ondo.
Lasarteko bertso eskolan denetarik dago, bertsotan eskarmentu handikoak eta hasi berriak, zaharrak eta eskolarteko txapelketatik datozenak, nola ikusten duzu uztarketa edo nahasketa hori?
Ederra, nik uste hain belaunaldi desberdineko, hain ideologi desberdineko eta amaren seme alaba hain desberdinak elkartzen diren eremu gutxi daudela, espazio bat konpartitzen dugu adiskidetasun eta konfiantzaz: luxua da Patxi Etxeberria Bertso Eskolara etortzea; bertsotarako anbiziorik ez daukaten Imanol Lizardi edo Joxe Kruz Labaka,... guri laguntzen eta gozatzen hor egotea; lagun koadrila hori osatu izana eta orain gazteek gerora begira ematen diguten indarra,... Lasarteko Bertso Eskola “erreferente” dela ikustea, periferiako herrietatik ere etortzen zaizkigula eta taldetxo bat sortu nahi dela, ezagutzeko moduko esperientzia bat da eta asko ikasten den lekua. Seguru nago Ane eta hauek, nik ere hala ikasi nuelako, helduagoen ondoan asko ikasiko dutela eta ez bertsotan bakarrik.
Eta zer moduz bertso irakasle moduan? Bospasei urte badaramazu horretan, ezta?
Bai seigarren ikasturtea da hau. Oso ondo. Umeekin aritzea eta bertsolaritzako klaseak espazio dibertigarri bat bihurtzea gustatzen zait, nire lekutxoa egin dut, , sentitzen dut feeling-a dudala ikasleekin eta haiek ere estimatzen nautela. Bertsoen berri jasotzen dute eta ikasturtea bukatzen dute gai direla bertso bat egiteko, zortziko txikian eta zortziko handian, bertso eskolen mugimenduari kristoren bultzada eman dio, urtetan umerik ez izatetik, hiru talde izatera pasa gara, Landaberrin lehen hezkuntzan eta DBHn, eta Sasoetan. 25 ume ditugu denera, beraz, hezkuntza arautuan egindako lanak badu ondoriorik.