Arte eszeniko gehiago izango da kafetegiko emanaldietan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 11

Lasarte-Oriako Udalak eta Xpressionk Kultur elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten astelehenean.
Sinaketa ekitaldian Lasarte-oriako alkatea Jesus Zaballos, Jokin Telleria Xpressionk elkarteko arduraduna, Marisa Zubiri gazteria saileko lehendakaria eta Xabier Goitia Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzailea egon ziren.

Hitzarmena

Hitzarmenean adierazten denez, “Lasarte-Oriako Udala interesaturik dagoela Xpressionk elkarteak bere baliabide eta medio pertsonalen estruktura aporta dezan, Lasarte-Oriako udalerrian garatzen diratekeen ebentu kultural jakin batzuei estaldura emateko”.
Honela, hamahiru emanaldi kudeatuko ditu Xpression kultur elkarteak eta horietako bost gutxienez kontzertuak izango dira.
Izan ere, hitzarmenean adostu den bezala, “Lasarte-Oriako Udalak Elkarteari 3.950,00 eurotako diru-laguntza ordainduko dio, hitzarmen honetan aurreikusitako bost kontzertuak emateko”.

Arte eszeniko gehiago

Gauzak honela, lehengo ostiralean, otsailaren 4an urteko lehenengo saioa burutu zen Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian.
Honetan Nasdrovia antzerki taldeak bakarrizketak egin zituen. Xpressioneko arduraduna den Jokin Telleriak azpimarratu zuenez, “iaz arte eszenikoekin egin genuen proba eta harrera ona izan zenez, aurten presentzia gehiago izango du. Horregatik, hasi gara talde horrekin”.
Era honetara, geratzen diren hamabi saioetan, kultur etxeko kafetegiko oholtzan, kontzertuak eta arte eszenikoak txandakatuko direla jakinarazi zuen.
Gainera, sinaketa ekitaldian aipatu zutenez, otsailetik ekainera emanaldi hauek hilabetean bitan egingo dira eta udararen ostean, hau da, urritik abendura, hilabetean behin hartuko dute kafetegiko oholtza.Era berean, taldeak eta lanak hitzartu gabe dituztela ere jakitera eman zuten.

Herriko taldeak

Honetaz gain Jokinek, kafetegiko emanaldietan parte hartzeko deia egin nahi die arlo horietan lan egiten duten herriko taldeei .
“Guztiei irekitako eremua da kafetegikoa eta haien lana erakutsi nahi duten taldeek, Manuel Lekuona kultur etxean galdetu edo gure web orrialdearen bitartez, www.xpressionk.net, jarri daitezke harremanetan gurekin,” aipatu zuen.

Kafetegiaren kudeaketa

Jesus Zaballos alkateak azaldu zuenez, kafetegiaren kudeaketa Juanjo Marante Gobernuz kanpoko erakundea eta Lasarte-Usurbil Institutuko gazteen esku geratuko da.