Padel pista eta rokodromoa zabalik

itxaso-moreno 2011ko otsailaren 11

Luzera jo duen obra izan bada ere, azkenean Loidi-Barreneko frontoia, padel pista eta rokodromoa martxan dira urtarrilaren 31etik aurrera. Udal Kiroldegiaren eta frontoiaren ondoan eraiki dira eta erabiltzeko prest daude. Eskaladan murgiltzeko edota probatzeko aukera luzatu digute, eta baita padelean hastekoa ere. Aurreiritzi asko dira kirol honen inguruan baina aberatsen kirola dela pentsatzeari utzi, probatu eta kirol honetaz gozatzeko aukera izango da etorkizunean.

Loidi-Barrenen aurrera eraman diren lanak, Padel pista, Rokodromoa, Frontoia eta komun publikoak E Planaren laguntzaz finantzatu dira. Urtarrilaren 25an Mikel Cabieces Gobernuko ordezkaria inauguratzera etorri bazen ere, urtarrilaren 31an ireki ziren kirol instalazioak herritarrentzat.
Kiroldegiak kudeatuko ditu instalazio berri hauek, hau da, instalazioak erabili nahi dituztenek Kiroldegiko atarira joan beharko dute.

Bazkideek libre

Bazkideek beraien txartela nahikoa izango dute padel pista edo rokodromo gunera sartzeko eta bazkide ez direnak kiroldegiko sarreran ordainduta sartuko dira.
Padel pista alokatzeko edo okupatzeko aukera egongo da eta hori egin ahal izateko Teniseko eta Squasheko pistetan edo Trinketean aplikatzen den prozedura bera erabiliko da.

Urte osorako erreserba

Urte osoz, pista ordu zehatz batean alokatzeko interesa duten pertsonek, igandea, otsailaren 13a baino lehen Kiroldegiko atarian izena eman beharko dute.
Izan ere, otsailaren 14an, astelehenean, 19:00etan, Kiroldegian bertan, orduen zozketa egingo da eskaera egin duten erabiltzaileen artean.

Ordurik hartu gabe

Rokodromoaren kasuan aldiz, nahi duenak aukera izango du erabiltzeko.
Horretarako, aipatu bezala, eskalada praktikatu nahi duen orok Kiroldegiko harrerara jo beharko du bere sarrera erregistratzera edo erostera eta jarraian instalakuntzara sartzeko aukera izango du.

Ordutegia

Rokodromoa zein padela erabiltzeko ordutegi zabala eskainiko du Udal kiroldegiak, bi kirol hauek probatu eta lehenengo pausuak eman nahi dituztenentzat.
Astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko 7:00etatik 22:00etara erabili ahal izango dira instalazioak.
Larunbatean goizeko 09:00etan irekiko da gune berria eta gaueko 22:00ak bitarte egongo da zabalik. Igandeetan eta jai egunetan aldiz, jornada erdiz, goizeko 9:00etatik 13:00ak arte.