Hilabete gutxi geratzen dira Euskal Herria zeharkatzen duen euskararen aldeko lasterketa erraldoiari hasiera emateko, hain zuzen ere, irteera apirilaren 7an Trebiñun emango baitzaio.
11 egunez gelditu gabe, hamazazpigarrenez, Euskal Herriko txoko guztiak igaro eta apirilaren 17an Donostiara helduko da. “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari” lelopean, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu Korrika 17k, gau eta egun gelditu gabe. Lasarte-Oriara apirilaren 17an, goizaldean iritsiko dela, jakinarazi digute Muntteri-AEK euskaltegiko arduradunek.
Gauzak honela, Lasarte-Orian Korrikaren inguruko ekitaldiak eta ibilbidea antolatzeko Korrikako Batzordea eratuko da. Horregatik, euskaltegiko lagunek gonbita egiten diete herritarrei eta Lasarte-Oriako taldeei Batzordearen bidez 17. Korrika honetako parte izatera. Korrikako Batzordearen lehenengo bilera, gaur 18:00etan egingo da Muntteri-AEK euskaltegian.