Asier Uribek eta Beñat de Miguelek doan eskuratu dute azterketa teorikoa

Txintxarri 2011ko otsailaren 12a

Buruntzaldeako hamaika auto-eskolatan azterketa teorikoa euskaraz egiteko aukera dago eremuko euskara batzordeek 2009-2010 ikasturtean sustatutako Semaforo berdea: orain gidabaimena euskaraz ekimenari esker.
Egitasmo honen helburua Buruntzaldeko gazteek gida-baimena euskaraz ateratzera bultzatzea da.
Horretarako, Udalek egitasmo honen hasieran parte hartzea erabaki zuten auto-eskolei euskarazko materialaz eta hainbat euskarriz hornitzen lagundu zieten, diru laguntzen bidez.
Eta honetaz gain, ekimen honetan parte hartu duten gazteek azterketa teorikoa doan lortzeko aukera izan dute.
Gauzak honela, 2010. urtean zehar, zazpi izan dira ikasleak euskaraz prestatu dituzten auto-eskolak eta, horri esker, Buruntzaldeako 34 gaztek gainditu dute euskarazko azterketa eta horietatik 9 Lasarte-Oriakoak izan dira.
Horregatik, antolatzaileek 2011. urtean egitasmoari jarraipena emateko asmoa adierazi dute.

Zozketa

Urtarrilaren 25ean Urnietako Lekaio kultur etxean, zazpi auto-eskolak bildu eta 2010ean zehar gidabaimena euskaraz atera duten Buruntzaldeko herritarren artean sariak banatzeko zozketa egin zen, auto-eskola bakoitzeko sari bat.
Zozketa honetan Lasarte-Oriako Lasarte auto-eskolako 3 ikasle eta Mugica autoeskolako 6 sartzen ziren eta onuradunak, hurrenez hurren, Asier Uribe eta Beñat De Miguel herritarrak izan ziren.

Sari banaketa

Lasarte-Oriako Udalak otsailaren 4an egin zuen sari banaketa.
Honetan Jesus M. Zaballos, Lasarte-Oriako alkatea, Ana Mugica Mugica auto-eskolako arduraduna, Raquel Lasarte auto-eskolako arduraduna eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako euskara teknikaria egon ziren.
Zorteko bi gazteak, Asier Uribe eta Beñat De Miguel ezin izan ziren ekitaldian egon.
Ondorioz, alkateak auto-eskoletako arduradunei eman zizkien sariak onuradunei helarazteko.
Saria azterketa teorikoak eragindako gastuak ordaintzeko adinako diru kopurua da, 400 euro gehienez.