12_Erraustegiaren finantzaketari erantzuna

jon-altuna 2011ko otsailaren 12a

Zubietan erraustegia eraikitzeko behar diren 378 milioi euroak, Europako Inbertsioen Bankuak (195), Foru Aldundiak (115) eta Banesto zein La Caixa bankuek (68) jarriko dituztela eta, Erraustegiaren Aurkako Plataformen koordinakundeak deituta Lasarte-Oriako Caixaren bulegoan protesta egin zuten larunbat eguerdian. Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) koordinakundeak, bestalde, diru publikoa axolagabeki erabiliko dela salatu du eta erabakiarekin bere desadostasuna adierazi.

Erraustegiaren Aurkako Plataformen koordinakundeak bi banku hauen aurkako kanpaina burutuko du otsailean eta hain juxtu pasa den larunbat eguerdian Lasarte-Oria Bizirik taldeak deituta hainbat herritar elkartu ziren La Caixak Kale Nagusian duen bulegoaren aurrean, La Caixa berak eta Banestok Zubietan eraikiko den erraustegia finantzatzeko kredituak emango dituela jakinarazteko. Plataformako kideek salatu zuten "Denon Osasunaren gainetik beraien negozioa aurretik" dela. Lelo honekin elkartu ziren lagunek, Banesto eta La Caixak Gipuzkoarron osasunaren kontura negozioa egiten ari direla salatu zuten.
30 lagun inguru bildu ziren gutxi gora behera eta ordu erdiko kontzentrazioa burutu zuten. Tarte honetan kalean zegoen jendeari panfletoak banatu zizkieten eta hauetako batzuk informazioa irakurri eta kontzentraziora gehitu ziren La Caixaren erabakiaren kontra.