Buruntzaldean lan munduan euskara sustatzeko [i]Baietz gurean[/i] jarri da abian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 13a

Euskara lan munduan sustatze arren, Buruntzaldeako Udalek elkarlan handia egiten dute.
Orain arte Buruntzaldeako enpresetan euskara planak abian jartzea eta garatzea sustatu badute ere, eskarmentuak erakutsi diena kontuan izanik egitasmo berria jarri dute abian, Baietz gurean.
Egitasmo hau Urnietako udaletxeko batzar-aretoan. aurkeztu zuten ostegunean, Bertan, Urnietako alkatea Mikel Izagirre, Iñaki Mugica Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakaria, Iker Urruzola Jarraipen batzordeko sindikatuetako kideen ordezkaria, Santiago Sarasola TSSTko gerentea, Malores Etxeberria Hernaniko euskara teknikaria eta Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako Euskara teknikaria egon ziren.

Proiektua

Baietz gurean proiektuaren helburu nagusia, ahalik eta enpresa gehienek euskararen erabilera normalizatzeko bitartekoak izatea da.
Buruntzaldeako herrien ekimen berri hau 10 langiletik gorako enpresei zuzendua dago, beti ere, euskara edo euskarazko sorkuntza enpresaren jarduera nagusia ez bada.
Izan ere, prentsaurrekoan azaldu zuten bezala, enpresetan inkesta egin zen euskararen erabilera normalizatzeko zituzten beharrak eta nahiak jakiteko, enpresen %40 inkestari erantzun zuten eta 52 enpresek hizkuntzaren normalizazioaren alde zerbait egiteko prest agertu ziren.
Hori kontuan izanik, 52 enpresa horietatik 12, Buruntzaldeako herri bakoitzeko bi, aukeratu dira proiektu berri honen lehenengo urtean parte hartzeko.
Izan ere, 2010-2011 ikasturtean hasi eta 2014. urtera arte egongo da martxan egitasmoa.

Jarraipen batzordea

Baietz gurean proiektua kudeatzeko Jarraipen Batzorde bat eratuko da.
Honetan kide finkoak Buruntzaldeako euskara batzordeetako lehendakari eta teknikariak, sindikatuetako ordezkariak, enpresarien ordezkaria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburu ordetzaren ordezkaria eta Lanbide heziketako ikastetxeetako ordezkari bat izango dira. Kide ez finkoak, berriz, aholkularitza teknikoaz arduratuko den enpresako ordezkaria eta egitasmoan partea hartzen duten enpresen ordezkariak izango dira.
Batzordearen eginkizunen artean, urteroko planak egin eta hauek behatu, proiektuan parte hartuko duten enpresak aukeratzeko irizpideak finkatzea edo Buruntzaldeako enpresa-munduko eragileak koordinatzea eta horretarako bi bilera egingo ditu.
2014an, irakurketa orokorra egin eta emaitzen hausnarketa egingo dute Buruntzaldeako udalek lan munduan aurrerantzean hartuko den bidea zehazteko.

Esperientzia

Santiago Sarasolak TSST autobus enpresako gerenteak duela bi urte enpresak euskararen erabilera normalizatzea erabaki eta haien esperientzia azaldu zuen prentsaurrekoan.
Langile euskaldunek haien hizkuntzan lan egiteko aukera; euskara jakin baina erabiltzen ez zutenek euskara lantzeko aukera eta atzerritarrek integrazio aukera bezala ikusi zuela azaldu zuen.
Horretaz gain, “euskararen merkatu potentziala etengabe ari da hazten eta enpresak merkatuaren eskaerei erantzuteko gai izan behar dugu,” adierazi zuen.
“Enpresa batek irudi hobea eta sinesgarriagoa ematen du bere bezeroen aurrean haiek eskatutako hizkuntzan erantzuten bazaie,” atxiki zuen. Honela, bezeroei eskaintzen zaien informazio guztia, baita iradokizun eta abisuak ere euskaraz ematen dituztela aditzera eman zuen.
Azkenik, beste enpresak animatu zituen euskara normalizatzeko plana martxan jartzeko.