Igerilari gazteek lau domina lortu zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 14a

Buruntzaldea Igeriketa taldeko gaztetxoek bi lehiaketa izan zituzten lehengo asteburuan, otsailaren 4 eta 5ean, Gipuzkoako 2. mailako Neguko torneoa eta Kutxako Gaztetxoen elkarteko XI. Igeriketa Saria.
Bi lehiaketetan emaitza paregabeak lortu zituzten herriko igerilariek: lau domina ekarri eta aurreko markak hobetu baitzituzten.

Neguko Torneoa

Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu zigunez, giro ona egon zen taldean eta dominak ere izan ziren Gipuzkoako 2. mailako Neguko torneoan. Izan ere, parte hartu zuten lau igerilaritik hiruk domina lortu zuten.
Garazi Alkorta bigarren izan zen 400 metro libre proban, 5 m. 44sg. 77 denbora eginez; Unai Buenok ere zilarra eskuratu zuen 200 m. bizkar proban, 2 minutu 47 sg. 61, eta 42sg. 38 denborarekin, Kevin Iglesiasek brontzea 50 m. bular proban.
Jone Vazquezek ez zuen dominarik lortu baina "400 metroko proba ederra egin zuen eta bere marka 5 segundo hobetzea lortuz."
Era berean, Jone Vazquezek 100 libre proban parte hartu zuen, hau, eguneko azken probetakoa izan zen eta Buruntzaldea IKTko igerilari gaztearentzat eguneko laugarrena.
"Nekea nabaritu zitzaion, baina gogoz egin zuen igeri," azpimarratu du bere entrenatzaileak.
Honetaz gain, errelebo mistoak aurkeztu zituzten 4x 50 m. libre eta 4x 50 m. estilo probetan.
Nahiz eta bietan 3. postua eskuratu, mutilen erreleboak izanik Buruntzaldeko taldeak probaz kanpo bezala lehiatu ziren eta dominarik gabe geratu ziren.
Honetaz gain, laugarren postu bat eta bosgarren bat ere egin zuten igeriketa taldeko gazteek.
100 metro bizkar estiloan laugarren postua lortu zuen Garazi Alkortak, bere marka lau segundotan hobetuz, 1 minutu 26 segundo eta 68.
Kevin Iglesias eta Unai Bueno 400 libre proban aritu ziren, lehena laugarren postuan sailkatu zen eta bigarrena zazpigarrenean.
"Biek beren marka hobetu zuten eta benetan gogoz egin zuten igeri," adierazi du entrenatzaileak.

Kutxa Saria

Igande goizean, berriz, Legazpin ospatu ziren Kutxako Gaztetxoen elkarteko XI. Igeriketa Sariko finalak.
Hauetan, Buruntzaldea IKTko bost igerilari izan ziren azkenean, "Naiara gaixorik zegoen eta," azaldu du Borja Apeztegiak.
Gauzak honela, azpimarratzekoa da, Iñigo Ibarburu gazteak 50 metro tximeleta proban lortu zuen urrea.
"Nagusitasun osoz irabazi zuen," aipatu digu Borjak eta 30 segundo eta 96 denborarekin, bigarrenari ia bi segundoko aldea atera zion.
Tamalez dominak lortzeko zituzten beste aukerak alde egin zuten.
Itsaso Tolosa 50 m. bizkar frogan bosgarren postuan sailkatu zen; Unai Bueno ere bosgarren sailkatu zen proba berdinean.
B finaletan, berriz, Garazi Alkorta bere seriean bigarren izan zen eta beraz, sailkapenean zortzigarren.
Azkenik, taldeko gazteenak, Ainara Garciak 50 m. bular proban egin zuen igeri zortzigarren postuan sailkatuz eta kanporaketako denbora hobetuz.
Bakarkako probetaz gain, erreleboan ere jardun ziren herriko igerilariak. Itsaso Tolosa, Garazi Alkorta, Unai Bueno eta Iñigo Ibarburuk osatutako taldeak seigarren postua lortu zuen.
Asteburu honetan, I. mailako Gipuzkoako Neguko Txapelketan lehiatu dira herritarrak. Edizio itxi baino lehen, ez dugu emaitzarik lortzerik izan.