Lasarte-Oriak 25 urte beteko ditu bihar

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 14a

1986ko otsailaren 15ean eratu zen Lasarte-Oriako Udala eta udalerria, eta bihar, herria sortu zenetik 25 urte betetzen direla eta, aste guztian hainbat ekitaldi burutuko dira, gehienak herriko taldeek eta herritarrek eginak; Lasarte-Oriako bandera Udaletxeko balkoian jarriko da gaur bertan, bihar Udalaren eraketa oroituko da Udaletxean 12:30etan egingo den ekitaldian eta “Oria” erakusketa zabalik dago Kultur Etxean. Gainera asteazkenean Jesus Manuel Perez Centenok herriaren sorrerari buruzko hitzaldia emango du Kultur Etxean.

Hogeita bost urte dira jada Lasarte-Oria herria jaio zenetik, mende laurdena Usurbil, Donostia, Hernani eta Andoaindik banatu eta gaur egungo izaera hartu zuenetik. Ofizialki eta juridikoki udalerri bihurtu zen Brigitarren komentuan biharko egunez, otsailaren 15ean duela 25 urte, burutu zen ekitaldian.
Gauza asko pasa dira harez geroztik, herria zeharo aldatu da eta aldatzen jarraitzen du. Aldaketak eta lanak dira oraindik ere herrian eguneroko ogi eta ikur nagusia eta hain juxtu 25 urtean Lasarte-Oriak izan duen bilakaera erakusten du urteurrena dela eta argazki zahar eta berriekin Udalak argitaratu duen aldizkariak.
Aste honetan bilakaera horrek eten bat izango du, azken 25 urteak gogoratuko dira, aste berezia izango da, ospakizunez betea.

Kultur Astea

Lasarte-Oriaren eraketaren XXV. urteurrenean Kultur Aste oparoa antolatu du Udalak eta kanpoko talde ezagun eta artistak ekarri baino nahiago izan dute udal agintariek herrikoei garrantzi eta protagonismoa ematea.
Jesus Mari Zaballos alkateak berak galdetu zuen aurkezpenean: "Zergatik ekarriko ditugu krisi garai honetan kanpoko orkestra eta taldeak, gure kultur aberastasuna osatzen duten herriko taldeak izanik? Horregatik sartu ditugu egitarauan, data hain esanguratsuetan merezi dute protagonismoa emateko".
Alkatearen ustez 25 urte ez dira egunero betetzen eta horixe da ospatzeko modurik egoki eta onena, herriko taldeei aukera ematea. Horrela, herriko taldeak musu truk aritzen direnez, ospakizunetan duela bost urte baino 30.000 euro gutxiago gastatuko ditu Lasarte-Oriako udalak, guztira 20.700 euro.

Emanaldi eta kontzertua

Herriko taldeen ekitaldi nagusi bi egingo dira astean Kultur Etxean, gaur Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak emanaldi berezia emango du arratsaldeko 20:00etan, eta larunbatean arratsaldeko 19:30etan herriko hainbat talde izango dira, berriro Kukukako partaide batzuek, Semblante Andaluz, Amaia Gonzalez eta Erketz dantza taldea eta Zero Sette akordeoi orkestra. Emanaldi honetarako gonbidapenak Kultur Etxeko harreran eskuratu daitezke.
Gainera ostiralean arratsaldeko 18:00tik aurrera herriko taldeen kontzertuak eta tailer ezberdinak izango dira gazteentzat Andatza Plazan.

Asteartean, 25 urte

Bihar beteko ditu Lasarte-Oriak 25 urte eta eguneko egitaraua Brigitarren komentuan egingo den mezarekin hasiko da. Bertan izango da Patxi Etxeberria bertsolaria ere. 12:30etan Udaletxean ekitaldi berezia egingo da, Lasarte-Oriako ereserkia eskainiko da eta Udalaren eraketaren akta irakurri. Gero arratsaldeko 18:00etan "Ausencias" liburua aurkeztuko da udaletxean eta 20:00etan Brigitarren komentuan Orfeoi gazteak kantatuko du. Beste liburu bat ere ezagutaraziko da, Antxon Agirre Sorondok "El mundo Laboral en Lasarte-Oria" liburua aurkeztuko du ostegunean 20:00etan kultur etxean.
Astean zehar, beste hainbat kultur eta kirol emanaldi ere burutuko dira, 7. orrialdean argitaratu dugun egitarauan ikusi daitezkenak.

Aldizkaria

25. urteurrena dela eta "oroitzapenezko " aldizkari bat argitaratu du Udalak. 16 orrialdetan herriko toki ezberdinen argazki zahar eta berriak argitaratu ditu, 25 urtean Lasarte-Oriak izan duen bilakaera erakusteko.
Etxez etxe banatu den aldizkarian aste honetako egitaraua ere argitaratu da.

Hitzaldia

Jesus Manuel Perez Centeno herritarrak herriaren sorrerari buruzko hitzaldia emango du asteazkenean 19:30etan kultur etxean. Lasarte-Oriaren bereizketaren nondik norakoak azalduko ditu, batetik ikuspegi historikotik herri bilakatzeko galdutako aukerak kontatuko ditu, "Erdi Arotik XX. mende hasiera arte Gipuzkoan historikoki eman ziren herri eta
kontseiluen sorrerak eta Lasarte-Oriak izaera hori ez eskuratzeko arrazoiak".
Bestalde, 1975eko trantsizio garaitik 1986an herri bilakatu zen arte eman zen prozesua jorratuko du, "trantsiziotik 1986 urte bitartera eta ondoren sektore ezberdinetan emandako aurrerapen eta elementu interesgarriak".

Aukera ona

Jesus Manuel Centenok ez zuen banaketa prozesua ezagutu, hizlariak berak aitortu digunez, oso gaztea zelako, "13 urterekin harrapatu ninduen, Kotxeras-koa naiz, eta aukera positiboak irekitzen zitzaizkigula oroitzen dut. Eta ez ikuspuntu politikotik soilik. Txikitatik herri izaera hori bizitzen joan nintzen eta zenbait zerbitzuetan aurrerakuntzak iritsi ziren herrira".
Hizlariaren iritziz, Lasarte-Oriaren autonomia eta aurrekontua garrantzitsuak izan dira, horiek herrien beharrei erantzuteko erabili ahal izan direlako, beste inora joan beharrik izan gabe, lehen bezala Urnieta, Andoain, Hernani, Donostia,... beste herrietara joan gabe.
Hitzaldirako materiala lortzeko ez du Centenok urrun joan beharrik izan, Udaletxeko artxiboan eta Udal Liburutegian egin ditu kontsultak: "informazio guzti hori herrian bertan dugu, liburu eta egunkarietan".