Erraustegiaren Aurkako Plataformen koordinakundeak bi banku hauen aurkako kanpaina burutuko du otsailean eta hain juxtu pasa den larunbat eguerdian Lasarte-Oria Bizirik taldeak deituta hainbat herritar elkartu ziren La Caixak Kale Nagusian duen bulegoaren aurrean, La Caixa berak eta Banestok Zubietan eraikiko den erraustegia finantzatzeko kredituak emango dituela jakinarazteko. Plataformako kideek salatu zuten "Denon Osasunaren gainetik beraien negozioa aurretik" dela. Lelo honekin elkartu ziren lagunek, Banesto eta La Caixak Gipuzkoarron osasunaren kontura negozioa egiten ari direla salatu zuten.
30 lagun inguru bildu ziren gutxi gora behera eta ordu erdiko kontzentrazioa burutu zuten. Tarte honetan kalean zegoen jendeari panfletoak banatu zizkieten eta hauetako batzuk informazioa irakurri eta kontzentraziora gehitu ziren La Caixaren erabakiaren kontra.
Plataformak, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologisten laguntzarekin otsailean zehar egingo ditu La Caixa eta Banesto bankuen aurkako salaketak: besteak beste banku hauen bulegoen aurrean kontzentrazioak batetik eta bulegoetako arduradunei gutunak bidali bestetik.
Koordinadorak salatu du, "La Caixaren eta Banestoren web orrietan dionez, banku hauek ingurugiroarekin konpromiso serioa dute, aldaketa klimatikoaren aurka gogotik ari dira eta energia berriztagarrien produkzioa finantzatzerakoan liderrak dira. Hauxe izango da agian Zubietako erraustegia kostako den 400 milioien parte bat jartzeko bankuen arrazoia".
Propaganda hutsa
Errausketaren aurkakoen ustez, "Banestok eta La Caixak lehentasun osoa ematen diete etekin ekonomikoei “El compromiso de Banesto con el Medio Ambiente y la lucha contra el Cambio Climático" txostenean esaten dutenari ez diote kasu zipitzik egiten; "la Caixa y el entorno", dokumentuan agertzen diren hitz polit guztiak ezerezean geratzen dira negozio borobil eta seguru bat begi aurrean ikustean".
Koordinadoraren ustez: “Hauxe da honelako gizarte kapitalistaren funtzionatzeko modua, ekonomia eta beraien irabaziak neurri gabeko kontsumoan oinarritzea, hondakin kopuru izugarriak sortzea, hauen kudeaketatik ere ahalik eta etekin handiena ateraz”.
Beraz, azken finean errausketaren alde egin duten banku hauek errefusatzen ditu plataformak, herritarren eta oro har lurraren osasunaren aurka ari direlako, errausketa baztertzen dute, Zubietan eta beste edonon eta alternatiba badagoela defenditzen dute, Atez Ateko bilketa eta Gipuzkoa osora zabaltzeko aldarrikatu.
Diru publikoa xahutu
Bestalde Gipuzkoa Zero Zabor taldeak diru publikoa axolagabeki erabiliko dela salatu du eta erabakiarekin bere desadostasuna adierazi.
“Gure desadostasun erabatekoa azaltzen diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari diru publikoa horrela erabiltzea erabakitzean erakusten duten axolagabekeriagatik. Tematuta segitzen dute gure hondakinak urritu, berrerabili eta birziklatzeko partez horiek kixkaltzeko proiektuan, jakinik hori dela -errausketa- aukerarik zikinena, kutsagarriena, iraunkortasunik gutxiena duena eta garestiena”.
GZZren ustez dirutza izugarria xahutuko dute, “egun batetik bestera zifra ezberdinak aipatzen dituzte” baina “Gipuzkoarroi kobratu nahiko digute datozen hamarkadetan, zertarako eta, ez hondakinak suntsitzeko baizik eta bestelako hondakin askoz kutsagarriagoak bihurtzeko”.
Diru hori hobeto erabili daitekeela argi du GZZk, “demostratuta dago eta gure agintariek jakin beharko lukete, azaldu baitzaie behin eta berriro”.
Bankuek dirua uztearen truke jarri dituzten baldintzen xehetasunik eman ez bada ere, ondorioak salatu ditu GZZk: “Baldintza gogorrak izango dira, seguru; munduko beste leku askotan erakutsi den bezala errauste planten bideragarritasuna lortzeko, herritarrei kendutako dirua erruz bildu beharko dute, bai biltzen duten hondakinen gaineko tarifak igoz, bai gero eta subentzio zikinagoak asmatuz. Urte askotarako hipotekaturik geratuko gara gipuzkoarrok”.
Errausketa baino merkeago
GZZk berriro ere moratoria eskatzen du hondakinen bestelako kudeaketa sisteman praktikan jartzeko. “Zero Zabor politikak ezartzea askoz merkeagoa da, iraunkorragoa eta osasunarentzat onuragarriagoa. Munduan leku askotan demostratu da eta Euskal Herrian ere bide horretan abiatuta gaude.
Gipuzkoako aginte faktikoek, Diputazioko agintari politikoek eta goi funtzionarioek, hondakinetatik negozioa egiten duten enpresek eta hauekin elkar hartuta dauden komunikabide handiek, guztien artean sekulako intoxikazio kanpaina ari dira burutzen urteotan, mundu osoan hainbeste kritikatzen den errausketa Gipuzkoan onartu dezagun”.
Koordinakundeak salatu duenez gipuzkoarren eta ondorengoen osasuna, ongizatea eta dirua daude jokoan: “Ez dugu onartzen Gipuzkoa osoa zorretan sartzea zeren truke eta hondakinen errausketaren truke. Dominique Belpomme mediku eta kantzerologoak esana du berrikitan: Errausketa gizateriaren kontrako krimena da!”