24 + 1

inaki-erauskin 2011ko otsailaren 17a

Ez dira, ez, nik bete ditudan urteak. Gauzak asko aldatu dira udaletxea sortu zenetik. Ikusi besterik ez dago udaletxeak gure etxeetara bidali duen aldizkarian. Bertan orain arte izandako bi alkateek herrian egin dena (dutena) aipatzen dute, "gu" eta "nosotros" formulak erabiliz. Agian gaizki pentsatua naiz, baina egindako guztia patrimonializatzen ari direla iruditzen zait. Bai. Duela urte gutxi gogoratzen naiz aurreko alkateari entzun niola: "zergatik ordaindu behar dut NIK bake-epaitegia?". Noski, "ni" horrek Lasarte-Oriako herria adierazten zuen. Ez diot egindakoari meritoa kenduko, baina ez patrimonializatu, mesedez.
Bestetik, horrelako ospakizunetan nire inpresioa izan ohi da udaletxeko agintarientzat "herria" 1986an sortu zela (zutela), ordurarte jendeak bere burua Hernaniartzat, edo Urnietartzat, edo ... hartzen omen zuelako. Niretzako, aldiz, betidanik izan da herri-sentimendua, nahiz eta udaletxerik ez izan. Ni Lasarte-Oriarra sentitu izan naiz beti. Eta beste asko, ni bezala. Gure aitak kontatu izan dit Gerra Zibila baino lehenago ere izan zirela udaletxea sortzeko herri-ekimenak, baina ez zutela haiek arrakastarik ez. Beraz, herri izatearen desioa urrutikoa da, eta ez berria.
Beno, besterik ez... Ah, bai!!! Nor izango da hurrengo alkatea? Bai, badakit, errepikatzen naiz, baina 24+1 urte ondoren, ez al da aldakuntzarako garaia iritsi? Yes, we can. Gora gure Lasarte-Oria!