Aldaketa hauek guztiak, markak hobetzearen ondorio direla esan digu, "hobetzen zoaz eta hobekuntza horrek dakar taldez aldatzea" .
Hala ere, urte horietan guztietan, hesietako probak egin zituela aitortu digu, "urte dezente daramat hesietako proba egiten. Espezializatua nagoela esan daiteke".
Izan ere, pista estalian, 60 metro hesiak proba egiten du eta aire librean, berriz, 110 m hesiak. Iñigok azaldu zigunez, "hesiaren altuera eta hauen arteko distantzia berdina da. Baina, 60 metroetan 5 hesi dira eta 110 metroetan 10 hesi".
Gainera, aire librean hobeto moldatzen dela adierazi zuen, baina "politagoa da pistakoa" eta "60 metrotan akats gutxiago egin ditzakezu. Gaizki ateratzen bazara bost hesi dira eta 60 metro, beraz errekuperatzeko zaila da; 110 metroetan, moldatzeko aukera gehiago eduki dezakezu," erantsi zuen.
Dominak
Otsailaren 6an, Gipuzkoako txapelketak burutu ziren Anoetako belodromoan eta bertan, Iñigo Sevillanok urrezko domina eskuratu zuen.
Baina ez da lehengo aldia izan, "hasi nintzenetik maila desberdinetan batzuetan txapelduna izan naiz eta besteetan txapeldun ordea".
Txapelketa honetan egindako markagatik, 8 sg 71, galdetu eta "ez da denbora ona," onartu du berak: "entrenatzailez aldatu dut aurten eta ezagutu arte..." azaldu zuen. Iñigok aipatu zuenez, "atleta asko dabil marka horretan".
Honetaz gain, lehengo asteburuan, Euskadiko txapelketetan txapeldun orde izan zen. "Ez nago nire momentu onenean, lesio asko izan ditut eta molestiak iskioetan. Beste lehiaketak kontuan izanik, hobeto nago eta Gipuzkoako txapelketa irabazteak, animoak altxa dizkit. Maila nahiko altua da, hala ere, lehenengo hiruretan egoteko aukera dudala uste dut" aipatu zigun Iñigok txapelketa baino lehen.
Estatuko txapelketa
Asteburu honetan, otsailaren 19an eta 20an, Estatuko txapelketa egingo da Valentzian eta bertan parte hartzeko "8sg 40 da gutxieneko marka," aipatu zuen.
Eta zera adierazi zigun, "marka horrekin jende gutxi joango da Estatuko txapelketara eta jende gehiago hartuko dute. Estatu mailan ez dago jende asko marka hori egingo duenik".
"Estatuko lehenengo hogeita lauak sailkatzen dira txapelketarako eta ez dute marka hori egiten gehienek. Lehengo hamarrak edo hamabostak egiten dute. Gero ranking-aren arabera hartzen dituzte. Kopurua mugatzeko jartzen da gutxieneko marka," azaldu zigun.
Horregatik, "Estatuko txapelketara joateko aukera txiki bat badago," aipatu zuen Euskadiko txapelketa baino lehen.
Hala ere, "nahiz eta lehenengo hogeita lauetan egon, Euskadiko markaren arabera erabakiko dut," adierazi zigun Iñigok.
"Marka ona ez bada ez naiz Valentziara joango, bidaia luzea da eta lasterketa bakarra izango da seguruenik. Euskadikoan marka txukunago bat
egiten badut 8 sg 58 edo horrelako zerbait, beno, a gian bai," atxiki zuen.
Elkarrizketa egiterako momentuan Iñigoren markarik onena Gipuzkoako txapelketakoa zen, baina Euskadiko txapelketan egin zen proba librean marka hori hobetzea lortu zuen, 8 sg 64. Hala ere, Iñigok jakin arazi digunez, ez du Estatuko txapelketan parte hartuko.
Esfortzu handia
Atletek lan eta ordu asko egiten dute entrenatzen, marka hobetzeko helburuarekin. Sevillano ren ustez "horretara zehazki ez bazaude arraro da nire adinean jarraitzea".
"Lanean, entrenatzen eta ikasten ari naiz. Egunero entrenatzen dut. Zortea dut gainera, monitore lanetan nabilelako eta ordutegiak entrenatzen uzten didalako. Ikasketak bukatu berri ditut. Baina zaila da, jende gaztearekin lehiatzen ari baitzara. Horiek goizean ikasi eta arratsaldeetan entrenatzen dute. Denbora eta lasaitasun gehiago daukate. Ez da gauza berdina karrera bukatzeko zaudela edo lanean zaudela," aipatu zigun.
Txapelketetan ere nabarmena dela adierazi zuen, "Anoetako belodromoan, nire garaian hasi ginenetik lauk jarraitzen dugu. Oso zaila da mantentzea. Esfortzu handia eskatzen dizu eta zuk eman duzunaren emaitza lortzea zaila da askotan".
Ohorezko mailan
Honetaz guztiaz gain, Real Sociedad taldearekin Ohorezko mailan lehiatzen da Iñigo Sevillano. "Errealeko taldearekin, Futboleko I. mailan egongo banintz bezala da, honi Ohorezko maila deitzen zaio eta ez dago beste kategoriarik, altuena da" azaldu zuen.
"Ondo moldatzen gara, hamasei talde gaude guztira maila horretan. Orain dela hiru urte, Erreala laugarren geratu zen eta finalera iritsi ginen; bestela, seigarren edo zazpigarren gabiltza" aipatu zigun.
Egun talderik indartsuena Playas de Castellón dela adierazi zigun eta "beti haien aurka daukagu lehenengo jardunaldian".
"Lau taldek parte hartzen dute konpetizio bakoitzean eta beti da Playas horietako bat. Eremuen arabera egiten da eta gainera, beti daukagu lehengo jardunaldia Katalunia aldean. Aurten ere, apirila erdialdean edo izango da hori," azaldu zigun.
Baina hori, aire libreko denboraldia izango da, "pista estaliko lehiaketak otsailean amaitzen dira Estatuko txapelketarekin. Martxoan aurredenboraldi txikia dugu eta gero aire librean lehiatuko gara," azaldu zigun Sevillanok.