Kamiseta berriak diseinu modernoa du eta eskolaren babesle den Jalai tabernaren logotipoa ikusi daiteke.
Errugbi eskola
Beltzak Ostadar Eskola 2009. urtean sortu zen, Beltzak Errugbi taldearen 25. urteurrena zela eta.
Errugbia ezagutzera emateko sortu zen eta maila desberdinetako taldeak izatea du helburu.
Horretarako, taldeko ordezkariek adierazi dutenez, Beltzak taldeko jokalari ohiek lan handia egiten dute, inolako irabazi asmorik gabe.
Bi urteko ibilbide honetan, Beltzak Ostadar Jalai taldeak 8 eta 15 urte bitarteko 40 haur eta gaztetxo trebatu ditu kirol honetan. Honela, benjamin, alebin eta infantil mailetan sortu du taldea eta hauekin hainbat errugbi topaketetara joan dira: Gasteiz, Iruñea, Logroño, Arrasate edo Zarautz.
Interesatuentzat, entrenamenduak igandeetan izan ohi dira, 9:00etatik 10:30etara Michelingo kirol gunean.
Beltzak beteranoak
Bestalde, Beltzak taldeko beteranoen saila, noizean behin biltzen dela ere azaldu dute, partidak ikusi edo bidaiak egiteko.
Bidaia hauetan nazioarteko lehiak zuzenean bizitzeko aukera dute, honela, Edinburgon, Erroman edo azkenekoz, Parisen izan dira.
Beltzak taldeko 20 bat herritara eta Zarautz Errugbi taldeko 12 bat pertsona Frantziako hiriburura joan ziren, otsailaren 4tik 7ra.
Jakin arazi digutenez, Parisen turismo pixka bat egin eta 6 Nazioetako Frantzia - Eskozia partida ikusteaz gain, torneoaren inguruan sortzen den giroaz ere gozatu zuten guztiek.
Frantziak 34 - 21 irabazi zuen eta Beltzak taldekoek azaldu digutenez, “oso partida ona eta azkarra izan zen. Frantzia nagusi izan zen arren, Eskoziak oso ondo jokatu zuen. Tamalez, meleetan Frantzia baino indar gutxirekin aritu ziren Eskoziarrak eta horregatik, gailendu ziren frantsesak”.
Web orrialdea
Hau guztiaren berri emateko, Beltzak taldeak www.beltzakrt.com orrialdea sortu du.
Orrialde honetan Eskolako topaketa desberdinen argazkiak edo taldearen berriak aurki daitezke, baita taldearekin harremanetan jarri ere.