Palestinako Okupazioaren Kontrako Elkartasun Sareak Israelgo Estatuko aginte gorena eta ordezkaria den Simon Peresek Estatu espainolera otsailaren 24 eta 25ean egingo duen bisita salatzen du.
Erakunde sionistaren ordezkari gorenak herri palestinarraren kontra hainbat eraso eragin zituen Hagana talde paramilitarraren kidea izan zen. Qanako (Libano, 1996) hilketaren erantzule izan zen, 102 zibil eta hiru kasko urdinen heriotza eragin zuena, eta erasoa ikertu zuen NBEko batzordeak aldez aurretik pentsatua zegoela adierazi zuen. Simon Peres Gazako herritarren kontrako erasoaren arduraduna ere izan zen, 1.400 hildako eragin zuena, horietako asko zibilak. Nahiz eta mendebaldeko gobernuek Simon Peres "bakearen aldeko gizon" modura aurkezten saiatu, Israelgo Estatuaren ordezkariaren ibilbidea odoltsua da Palestinara heldu zenetik gaur arte. Zuzendu dituen ekintzak eta politikak herri palestinarraren suntsiketa, mina eta heriotzak besterik ez dute erein.
Bisita hau Espainiako monarkiaren eta Estatu sionistaren arteko harreman diplomatikoen 25. urteurrenean egiten da eta bisitaren helburua Israel eta bertako ordezkariak legitimatzen jarraitzea da erakunde demokratikoa eta normalizatua delakoan, eta era berean, bi estatuen arteko harreman diplomatiko eta ekonomikoak indartzea.
Palestinako Okupazioaren Kontrako Elkartasun Sarearen ustez, Palestina historikoan bizi den biztanleriaren erdiaren kontra apartheid politikak sistematikoki praktikatzen dituen Estatua ez da demokratikoa eta bestetik, etengabe Nazioarteko Zuzenbidea eta Giza Eskubideak urratzen dituen Estatua ere ez dela normalizatu behar eta ez direla estatu horrekin inongo harremanik eraiki behar. Horregatik guztiagatik, Estatu espainoleko gobernuaren jarrera konplizea salatzeaz gain, Palestinako Okupazioaren Kontrako Elkartasun Sareak Espainia eta Israelen arteko akordio komertzialak bertan behera uzteko beharra gogorarazten du, akordio militarrak bereziki. Era berean, gure gobernuek Israelekin dituzten edozein motatako harreman instituzionala apurtzeko exijentzia azpimarratzen du, Israelek Nazioarteko Zuzenbidea bete arte.
Sionismoaren zigorgabetasuna buka dadin eta krimengileak zigortu ditzaten, dauden lekuan daudela.
Palestinako Okupazioaren Kontrako Elkartasun Sarea