EAJ-PNV, PSE-PSOE, PP eta Hamaikak1 alderdi politikoek kosta ala kosta errauskailua eraiki nahi dute eta proiektua ondo "lotuta" utzi, horretarako haren kontrola banku hartzekodunen esku uzten badute ere.
Legealdia bukatu aurretik errauskailuaren eraikuntzaren hari mutur guztiak ondo lotu nahi dituzte aipatutako alderdiek, horrek ekarriko duen ondorioa, hiri-hondakinen kudeaketaren kontrola kredituak eman dituzten bankuen esku uztea baldin bada ere. Gaurtik aurrera bankuek zuzenduko dute hondakinen kudeaketa, esaterako salneurrien eredu aldaketak edota eskuduntzen banaketa euren esku egongo dira eta.
Onartezinak dira errauskailuaren finantzaketarako hartu diren erabaki hauek, eta inola ere ezin dut akordioekin bat egin. Batetik, nola ulertu daiteke Europako Inbertsio Bankuak Europako ingurumen arauak argi eta garbi hausten dituen egitasmoa finantzatzea? Banku honek ez luke inola ere Europako araudia errespetatzen ez duen proiektu honentzat dirurik jarri behar. Bestalde, lotsagarria da La Caixa eta Banestok negozioa egitea herritarren osasun eta ingurumenaren lepotik: osasuna edo ingurumenaren aurretik jartzen dute bankuek negozioa.
Ez nau harritzen baina sutan jartzen nau Foru Aldundiaren eta erakunde honetan ari diren PNV, H1, PSOE eta PPko ordezkariaren jarrerak. Erabaki eta akordio oso gaiztoa hartu dute eta ondorio larriak pairatuko ditugu. Erabaki lotsagarri horiek geroa baldintzatu egingo dute ekonomikoki eta politikoki, bankuei emanen diete eta gerora egin daitekeen edozein aldaketa oztopatzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoa. Eta zein da honen helburua? Horrela, errausketan oinarritutako hondakinen tratamendu eredua babestu eta betikotu nahi dute, hurrengo foru eta udal hauteskundeetan seguru aski etorri daitekeen aldaketa eta erabakiaren berrikuspena baino lehen.
Ricardo Ortega
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako Kontseiluko kide eta Lasarte-Oriako Ezker Batua Berdeak taldeko zinegotzia